'CABACAS AUZIA'

Justiziarik ez den justizia

Ekitaldia egin dute Bilbon Iñigo Cabacas gogoratzeko, haren heriotzaren laugarren urteurrena dela eta. Zenbait lagun ezagunek bidalitako mezuak irakurri dituzte ekitaldian. [Youtube]https://youtu.be/KiQTKKdPzLI[/Youtube]

gotzon hermosilla
2016ko apirilaren 10a
19:07
Entzun

Dudarik gabe, «justizia» izan da Iñigo Cabacasen omenezko ekitaldian gehien errepikatu den hitza. Lau urte bete dira Ertzaintzak botatako gomazko pilota batek Cabacas hil zuela, eta oraindik justizia eske ari dira haren senide eta lagunak. Urtero bezala, ekitaldia antolatu dute gertukoek eta Iñigo Gogoan plataformakoek Kirruli tabernaren aurrean, Cabacas zauriturik suertatu zen lekuan, eta berriro ere justizia eskatu dute han bildutako ehunka herritarrek.

«Justiziak gutxi du justiziatik ez bada gai hilketa bat argitzeko, egilea eta egilearen agintariak zerbitzari publikoak direnean eta, beraz, administrazioarentzat ezagunak». Laura Mintegi idazlearen hitzak dira. Baina beste askorenak ere izan zitezkeen. Aurten, zenbait lagun ezagunengana jo dute Iñigo Gogoan plataformakoek, eta idazki edo mezuren bat eskatu diete ekitaldian irakurtzeko. Denbora ez dute sobera izan, baina, hala ere, atxikimendu multzo polita bildu dute.

Justiziatik gutxi duen justizia izan du aipagai Mintegik bidalitako mezuak. Lutxo Egia idazleak, Oihana Bartra eta Arkaitz Estiballes bertsolariek, Joseba Garmendia futbolariak, Oier Zearra pilotariak, Itziar Ituño eta Gotzon Sanchez aktoreek, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin eta Josu Bergara musikariek eta beste askok bidali dituzte elkartasun mezuak. Esaldi huts bat kasu batzuetan, bertsoak eta testu luzeagoak beste zenbaitetan. Eta gehienetan, behin eta berriro errepikatzen den eskaera: justizia egin dadila Iñigo Cabacasen auzian.

Ertzainen grabazioa

Txalapartaren doinuek ireki dute ekitaldia. Eta bi lagunek txalaparta jotzen zuten bitartean, bozgorailuetatik entzun da Cabacas pilotaz jo zuten gauean ertzainek irrati bidez izan zituzten elkarrizketen grabazioa: Ugarteko esaten zaion Ertzaintzaren buruaren agindua «den-denarekin sartzeko», tiro hotsak, sirenen uluak, ertzain baten oharra —«pertsona bat dago zoruan etzanda»—, Ugartekoren erantzuna —«konortea galduko zuen»—. Askori korapiloa egin zaie eztarrian.

Gero, Iñigo Gogoan plataformakoek hartu dute hitza. Esan dute bidea «gogorra» izaten ari dela eta gertatutakoa argitzeko ahaleginean zailtasunak aurkitzen ari direla. «Baina ez zaigu axola: guk jarraitu egingo dugu, eta, gainera, ez gaude bakarrik, Iñigoren heriotza argitzeko eskatzen duten herritarrak ere gurekin daude», adierazi dute.

Ondoren, jasotako mezu eta atxikimenduak irakurri dituzte, eta, amaitutakoan, Cabacasen gurasoen txanda izan da. Manu Cabacasek eta Fina Lizeranzuk maitasun eta babes adierazpen ugari jaso dituzte, ekitaldia hasi aurretik eta ondoren ere. Jende asko hurbildu zaie besarkada bat ematera, eta, agertokira igo direnean, «Manu, Fina, aurrera!» oihuak entzun dira.

Ohorezko aurreskua eta lore eskaintzaren ostean, berbaldi laburra egin dute Iñigo Cabacasen gurasoek. Lau urte hauetako «oinazea, amorrua, laidoak eta axolagabekeria» aipatu dituzte, eta adibide batzuk ere eman dituzte: Eusko Legebiltzarrak ikerketa batzorde bat eratzeko aukera baztertu izana, Segurtasun Sailaren ukoa epaileak eskatutako zenbait froga emateari, Ugartekok «kalte moralengatik» jarritako salaketa, eta abar. Orain arte ezaguna zen zerrendari beste bat gehitu diote: esan dutenez, El Correo egunkariak uko egin dio Iñigo Cabacasen aldeko eskela bat argitaratzeari.

«Iñigo Urkulluk duela hilabete esandako hitzak gure egiten ditugu», esan du Manu Cabacasek. «Hain zaila al da esatea Iñigo hiltzea gaizki egon dela? Hain zaila al da esatea hemen duela lau urte egin zutena gaizki egon zela? Hain zaila al da ulertzea guk ere egia, onespena eta begirunea behar dugula?», galdetu du.

Auzibideari dagokionez, Cabacasen gurasoek itxaropena agertu dute laster instrukzio fasea amaitu eta epaiketa egingo dutela. Esan dutenez, auzia artxibatzeko aukera ez dute aintzat hartzen, euren ustez epaiketa egiteko froga nahikoa badagoelako, «baina aurpegia garbitzeko epaiketa iruzurtia ere ez dugu ametituko», ohartarazi dute.

Eguraldiak batere lagundu ez duen arren, jende asko bildu da: Cabacasen senitartekoak, horietako batzuk oso hunkiturik, Athleticen jarraitzaileak talde zuri-gorriaren ikurrekin eta abar. Jone Goirizelaia familiaren abokatua ere han egon da. Eta orain arteko ekitaldietan egoterik izan ez duen politikari ezagun bat ere egon da omenaldian: Arnaldo Otegi kartzelan zegoen Iñigo Cabacasen heriotza gertatu zenean, eta ez du orain arteko ekitaldietan parte hartzerik izan. Aurtengoan egon da, Pablo Gorostiagarekin batera.

Gaur manifestazioa egingo dute, Iñigo Cabacas gogoratzeko. Mobilizazioa 17:30ean abiatuko da justizia epaitegitik, Albia lorategitik, eta Cabacas zauriturik suertatu zen lekuan amaituko da, Kirruli tabernaren ondoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.