Justiziarik onena: egia jakitea

'Berria.info'-k mahai ingurua egin du 1940ko eta 1990eko hamarkaden artean lapurtu zituzten haurren auziaz. Biktimek berretsi dute ez dutela etsiko gertatutakoa argitu arte.

Ume lapurtuen auziari buruzko mahai ingurua, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Andoain
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Nahiz eta lapurretak egin zituztenak ez zigortu, guk zer gertatu zen jakin nahi dugu, eta ahal bada, argitu non dauden ume haiek. Egia jakitea litzateke guretzat justizia egitea». Marian Zubiaren eta Arantza Galdosen hitzak dira, haur lapurtuen kasuko bi kalteturenak. Egia jakiteko bidean ez dute etsitzeko asmorik. «Gu muturreraino joango gara, bihotz eta arima. Baina behar duguna da justiziak guri laguntzea», esan du Galdosek. Laguntza agindu die Gipuzkoako fiskal Inmaculada Garatek, baina aitortu du ez dela erraza izango frogatzea kasuen atzean sare bat zegoela: «Aspaldian gertatu ziren, eta hori traba handia da».

Berria.info-k haur lapurtuen auziaz atzo egin zuen mahai inguruan parte hartu zuten Zubiak, Galdosek eta Garatek. Zubiari nerabea zenetik azaldu zioten gurasoek adoptatua zela. «Baina aldundira adopzio paperen bila joan nintzenean, esan zidaten ez zeudela. Jaiotza agiria lortu, eta han nire adopziozko ama ageri zen ama biologiko moduan. Hori ezinezkoa zen, antzua zelako». Orduan hasi zen ikertzen.

Prentsan haur lapurtuen kasuak agertutakoan, Josu anaia lapurtu egin zietela hasi zen susmatzen Galdos. «Gure gurasoei berdin gertatu zitzaien: anaia bi egunez eduki zuten. Gero, gaixo zegoela esanda, eraman egin zuten, eta hil egin zela esan zieten handik gutxira. Gure baimenik gabe lurperatu zuten». Galdosen kasua are zailagoa da, Akizeko (Okzitania) erietxe batean izan baitzen. Erbesteratuta zeuden. «Frantzian halako egoera batean dagoen beste familia batekin gaude harremanetan, baina dena zailagoa da, ez baitaude horrenbeste kasu. Hemen abian den dinamika han martxan jartzen saiatzen ari gara», azaldu du Galdosek.

Azken asteetan bultzada handia jaso dute biktimek. Irekitako hiru hilkutxak hutsik egoteak «indarra» eman die salaketei. Gainera, Eusko Legebiltzarrean batzorde bat jarriko dute martxan, gertatutakoa ikertzeko. «Orain, espero dugu esandakoa betetzea».

Helburu bikoitza dute kaltetuek: egia jakitea eta horren atzean sare bat zegoela frogatzea. «Zerbait» lortu dutela ziur egon arren, lapurreta horien atzean talde antolatu bat zegoela erakustea zaila izango dela iritzi dio Garate fiskalak. «Bai gu eta baita Ertzaintza ere gogotik ari gara lanean. Baina oztopo handi bat dugu: denbora. Orain urte asko gertatutako kontuez ari gara, eta zailtasunak ditugu agiriak topatzeko. Lekuko gehienak, gainera, edo oso edadetuak dira, edo hilda daude. Beraz, frogak topatzea oso zaila da, eta justiziak hori eskatzen du: frogak».

Zubia eta Galdos jakitun dira horretaz, eta Ertzaintzak eta Fiskaltzak egindako lana eskertu dute. Bainakritiko ere badira. Galdos: «Kasu guztietan badira elementu komun batzuk, eta dauden susmo eta egitateek nahikoa izan behar lukete ikerketa bateratu bat hasteko. Zergatik ez dira irekitzen hobi komunak? Horretarako ez da frogarik behar, epaile baten agindua baizik».

Galdosek ez du lortu ikerketa hastea, baina uste du nahikoa froga dituztela horretarako. Bi aipatu ditu. Batetik, garai hartan Akizeko Ospitalean zegoen jaioberrien hilkortasun tasa. «Oso altua zen. Gure anaia jaio zen garaian, adibidez, bi hilabetean bederatzi jaioberri hil ziren». Bestetik, gogorarazi du garai hartan Akize Logroñorekin (Errioxa, Espainia) senidetu zela. «Logroñoko alkatea falangekoa zen, eta frankista ugari joaten zen Akizera. Hori ere ikertu egin behar dela uste dugu».

Haatik, arazo handi bat dute. «Guk Espainiako herritartasuna dugu, baina delitua Frantzian izan zen. Beraz, eskatzen duguna da bi administrazioen arteko elkarlana justizia alorrean. Ea Gipuzkoako fiskaltzaren bidez lortzen den». Oraingoz, bide guztiakitxita aurkitu ditu Galdos familiak. «Gure abokatua jarri da harremanetan Akizeko prokuradorearekin, baina esan dio delituren bat gertatu bazen preskribatuta dagoela».

Hori izango da auzia zailduko duen beste elementu bat: delituak preskribatuta daude, duela urte asko gertatu zirelako. «Fiskal nagusiak esana du kasu hauetan delitua ez dela preskribatzen hasten biktimak edo kaltetuek egia jakiten duten arte. Baina egileak izen-abizenekin agertutakoan legea gailenduko den susmoa dut, eta kasu honetan argia da: preskripzioa delitua egin den unean hasten da. Horrek zaildu egingo du ustezko delitugileak epaitzea eta zigortzea. Baina ez du esan nahi ikertu behar ez denik», defendatu du Garatek.

Galdosek ez du etsitzeko asmorik. «Lortu nahi duguna da prokuradoreak salaketa jarri eta Frantziak arazoari heltzea. Gurekin harremanetan dagoen beste familiakfrantziar herritartasuna du, eta agian horri esker lor dezakegu zerbait. Gainontzean, badakigu oso zaila izango dela».

Horri lotuta dago Zubiak eta Galdosek egin duten beste salaketetako bat: «Administrazioa ezin da oztopo izan ikerketan. Gure zerbitzura egon behar luke. Lagundu egin behar digute».

Kasuak argitzeko zailtasunenatzean ustez lapurreta horiek egin zituztenek zuten boterea ere badagoela iritzi diote hirurek. «Garai hartan apaizek, mojek, medikuek eta erizainek ziotenari inork ez zion aurka egiten. Bazekiten botere osoa zutela, nahi bezala jarduteko. Inpunitate osoz aritzen ziren», gogorarazi du Zubiak. Galdosen familiaren kasuan, babesgabetasuna are handiagoa zen. «Errefuxiatuak izanda, alegalak bagina bezala tratatzen gintuzten. Ez genuen eskubiderik. Nahi zutena egin zezaketen gurekin. Gure anaia hobi komun batean lurperatzea ematen ziguten tratu txarraren beste ondorio baten moduan hartu genuen».

Zubiaren eta Galdosen irudiko, 1990eko hamarkadan ere lapurretak izateak are ageriago uzten du inpunitate hori. «Argi dago frankismoan izan ziren gehiegikeriak ez dituztela epaitu nahi izan. Beste alde batera begiratu dute», esan du Galdosek. Zehaztapen bat egin du Garatek. «Delitua erietxe publikoetan gertatuta, administrazioak erantzun egin beharko du lapurretak izan zirela frogatzen bada. Gainera, sare antolatua izan zela baieztatzen bada, delitua are larriagoa izango litzateke oraindik».

Arrazoi politikoengatik ez ezik sozialengatik eta erlijiosoengatik ere ezkutatu zela nabarmendu dute. «Kasu batzuetan, apaiz eta medikuek ezkongabe haurdun geratzen ziren adingabeei esaten zieten ez abortatzeko, arduratuko zirela haiek haurraz. Ondoren, dirua lortzen zuten hortik». Zubiak eta Garatek argi dute horren atzean arrazoi ekonomikoak zeudela: «Gure kontura aberastu ziren».

@Mahai ingurua ikusteko, bisitatu:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.