Kalamuaren kontsumoa jaitsi egin da EAEn, azken 16 urteetan lehenengo aldiz

Orokorrean drogen kontsumoa ez da areagotu, baina handia dela ohartarazi du Jaurlaritzak

NAGORE VEGA DONOSTIA
2008ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Azken 16 urteetan lehen aldiz, kalamuaren kontsumoa jaitsi egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak egindako azken ikerketaren arabera. Euskadi eta Drogak 2008 txostenean jaso dutenez, kontsumoa ez da areagotu droga guztien kasuan, baina handia da kontsumo maila, eta hori saihesteko lanean jarraituko dutela iragarri dute.

Atzoko eguna baliatu zuen Eusko Jaurlaritzak drogen kontsumoari buruzko azken txostena aurkezteko: Drogen Erabilera Desegokiaren eta Legez Kanpoko Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Carmen Vicioso Droga menpekotasunen Zuzendaritzako zuzendariak nabarmendu zuenez, oro har ez da handitu drogen kontsumoa.

Droga moten artean, legezkoak direnak, alkohola eta tabakoa, dira gehien kontsumitzen direnak, ikerketarekin ondorioztatu dutenez. Bi horietatik alkohola da gehien kontsumitzen dena, bereziki 18 eta 24 urte bitartekoen artean eta asteburuetan. Baina joera hori jaisten ari da azken urteotan. Bide horretatik jarraitzea espero du Viciosok. Tabakoari dagokionez, kontsumoa antzeko mailan mantentzen da, baina gero eta gehiago dira tabakoa uzten duten pertsonak.

Legez kanpokoak diren drogei dagokienez, mota guztietako substantziak gutxiago kontsumitzen dira, Viciosok jakinarazi duenez. Kalamuaren kontsumo mailan izan da jaitsierarik nabarmenena: azken 16 urteetan lehen aldiz, jaitsi egin da kontsumoa, bereziki 15 eta 24 urte dituztenen artean. Viciosoren esanetan, kontsumoak eragiten dituen ondorioez ohartzeak eragin du kontsumoaren jaitsiera hori.

Inkestaren ezaugarriak

Eusko Jaurlaritzak 2.016 pertsona galdekatu zituen iazkoazaroaren 23tik abenduaren 17ra: Araban 464, Bizkaian 864 eta Gipuzkoan 688. Droga menpekotasunen Zuzendaritzak bi urtero egiten du drogei buruzko ikerketa. 15 urtetik 74 urte bitarte dituztenen artean drogen hedatze eta kontsumoak zer-nolako ezaugarriak dituen jakitea, hori da helburua. «Hartzen diren neurriak etengabe hobetu ahal izatea dakar informazio hori edukitzeak», dio Viciosok.

Adingabeen artean edozein motatako drogen kontsumoa saihesten ahalegintzeko asmoz, lanean hasiko da Eusko Jaurlaritza datozen bi urteetan.



Alkoholaren kontsumoa bikoiztu egin dela esan du Nafarroako Gizakia Helburuk

Alkoholarekin arazoak dituzten lagunen kopurua bikoiztu egin zen iaz Nafarroako Gizakia Helburu zentroetan, 2006. urtearekin alderatuta. Opiodun drogen kontsumoak, azken urteetan bezala, beheranzko joera du: %24tik %7ra. Kokainak, bestalde, goranzko joera du, eta horixe da zentroetan tratamendu gehien eskatzen diena.

Iazko datuen txostena aurkeztu zuen Nafarroako Gizakia Helburu elkarteak herenegun. Kontsumitzailearen profila aldatzen ari dela nabarmendu zuten, baita kontsumitzen diren substantzia motak ere, Cristina Gomena elkarteko zuzendariordeak argitu zuenez: «Azken urteetan heroinaren kontsumoa jaitsi egin dela ikusi dugu, kokainarena handitu, eta alkoholak duen arriskuarekiko arreta handiagoa hartzen ari dela jendea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.