Kalamuaren kontsumoari buruzko informazioa ematea eta eztabaida sortzea. Horiexek izango ditu helburu, besteak beste, asteburuan Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa) egingo duten Expogrow azokak. «Kalamuaren kontsumoari eta salmentari lege oinarri bat eman beharra utzi nahi dugu agerian», nabarmendu du azokaren zuzendari Sergio Martinezek. Hainbat herrialdetan eman diote lege babesa kontsumoari, Martinezek azaldu duenez. Emaitzak «agerikoak» izan dira: «Kalamua mafiek saltzea eragotzi da, eta, aldi berean, kontsumo egoki bat egiteko oinarriak ezarri dira. Gure xede nagusietakoa da bazter uztea kontsumo desegokiaren ondorioz izan daitezkeen ondorioak».
Hori lortzeko asmoz, azokan foro bat egingo dute; 450 lagunentzako lekua dago, eta izen ematea doakoa da. Parte hartuko dutenen artean dago Steve DeAngelo, Amerikako Estatu Batuetan kalamua sendagai gisa banatzen duen enpresa nagusiaren arduraduna. «Kalifornian, urteak daramatzate sendabelar gisa erabiltzen. Hemen ezki ura bezala hartzen dute han kalamua».
Kalamuaren erabilera terapeutikoa arautzea «zentzukoa» iruditzen zaio Martinezi. «Antsietatearen kontrako botikak, adibidez, arriskutsuagoak dira, eta horren kontra ezer gutxi egiten da». Badira osasun arloko profesionalak kalamuaren erabilera terapeutikoa babesten dutenak: «Modu ez-ofizialean, badira kimioterapia hartzen ari diren gaixoei kalamua kontsumitzea agintzen ari diren medikuak».
Beste batzuek aisialdian kontsumitzen dute. «Hor ikusten dugu arrisku handiagoa. Neurrian kontsumitzea funtsezkoa da. Izan ere, beste edozein gauzarekin gertatu bezala, neurririk gabe hartuz gero kaltegarria izan daiteke».
Arrisku horiek saihesteko kalamuaren gizarte klubek izan dezaketen garrantziaz ohartarazi du. «Kluben bidez, egoki eta modu kontrolatuan kontsumitzen ikas daiteke. Heziketa lan handia egin dezakete». Eusko Jaurlaritzak agindu zuen aztertuko zuela klub horien arautzea. Baina Espainiako Gobernuak berehala esan zion hori arautzea berari zegokiola. Ausardia falta ikusten die Martinezek agintari politikoei urrats hori egiteko.
Ikuspegi ekonomikoa
Kalamua landatzeak, saltzeak eta kontsumitzeak duen garrantzi ekonomikoa ere ikusarazi nahi dute. «Negozio handi bat da. Makina bat lanpostu daude horren inguruan, eta diru asko mugitzen da. Baina egun ez da ikusten. Ez dago araututa. Horren ondorioz, diru beltz asko mugitzen da. Mafiek kontrolatzen dute. Hori aldatzea izan beharko luke lehentasun garrantzitsuenetako bat». Guztira, kalamuaren kontsumo eta salmentari lotutako 200 erakusmahai baino gehiago izango dira Ficoban.
Baina festari lotuta, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte. «Beste mota bateko azoka bat prestatu dugu. Leku askotako jendea etorriko da, eta nahi dugu asteburua hemen geratzea».
Hori kontuan hartuta, ostiralean eta larunbatean kontzertuak izango dira. Ostiralean Marea, Mademoiselle K, Los del Gas eta Glazz taldeek joko dute, eta larunbatean, B-Real, Morodo, Emzel Cafe, Los del Gas eta Guadalupe taldeek.
Horrez gain, azokaren kanpoaldean skate txapelketa bat egingo dute, eta hainbat grafiti egilek horma bat margotuko dute.
Kalamuari eskainitako erakusleihoa
Expogrow azoka egingo dute asteburuan Irungo Ficoba erakustazokan. Kalamuaren salmentari eta kontsumoari buruz eztabaidatzeko foroa izango da egitarauaren oinarrietako bat. Sektoreko 200 erakusmahaitik gora ere jarriko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu