Kale erasoak

Kale erasoak egin dituzte gaur Lezon eta Pasaian

Lezon Postetxea erre dute eta Pasaian Bake Epaitegiaren aurka 'molotov koktelak' bota dituzte.

2007ko urriaren 6a
15:23
Entzun
Lau ezezagunek su eman diote gaur Lezoko (Gipuzkoa) Postetxeari, goizeko bederatzi eta erdiak aldera. Barruan gasolina bota dute lehendabizi, eta su eman diote ondoren. Aurrez, bertan zen langilea barrutik aterarazi dute. Burua estalita zutela sartu dira lau ezezagunak.

Postetxeak su hartu duenean, ke handia sortu da, eta Ertzaintzak eta suhiltzaileek goiko etxebizitzetako lagunak kanpora atera dituzte. Ordubete inguruan egon dira etxetik kanpo hauek. Guillermo Lazon kalean 1 zenbakian dago postetxea.

Bulegoaren zati bat kiskalita geratu dela jakinarazi dute suhiltzaileek, eta bestea oso kaltetua keagatik.

Pasaian (Gipuzkoa) ere egin dute kale erasorik gaur, goizeko ordubatak eta laurdenean. Ezezagun batzuek molotov koktelak bota dituzte Bake Epaitegira eta alkateordetzara, San Pedron, plazan. Ertzaintzaren arabera, kalteak ez dira garrantzitsuak izan; ate bat kaltetuta geratu da eta eraikina belztuta.

Argazkian, Lezoko Postetxearen barrua, erreta. (Oarsoaldeko Hitza).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.