Politika

Kale erasoek jarraitzen duten bitartean EAJk ez duela ezer negoziatuko ohartarazi du Imazek

Indarkeria desagertu ezean jeltzaleak ez daudela alderdien mahaian ezer negoziatzeko prest adierazi du Josu Jon Imaz EAJko presidenteak, kale erasoei buruz ari zela. Ekintza horiek gaitzesteko eta irmotasunez eragozteko eskatu dio Batasunari. Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko harremanen atzerapenari dagokionez, erakunde armatua ari dela elkarrizketaren hasiera atzeratzen esan du Imazek, "alderdien arteko elkarrizketak baldintzatzeko".

2006ko irailaren 18a
10:49
Entzun
"Inork ez du negoziatzen pistola bat buruan jarritua duela. Hori ez da negozitzea, baizik eta esatea: 'alderdien mahaitik aterako dena gustatzen bazait indarkeria geraraziko dut, eta gustatzen ez bazait, gaur autobus bat erreko dut, bihar molotov koktel bat jaurtiko, eta datorren astean, oraindik eta gutxiago gustatzen bazait, tiro bat emango diot norbaiti'", esan du Imazek Radio Euskadin egunotako kale erasoei buruz galdetu diotenean.

EAJk egoera horretan balizko alderdien mahaian ez duela ezer negoziatuko ohartarazi du: "Alderdien mahaiaren eraketan printzipio bat oso argi izango dugu: indarkeriak jarraitzen duen bitartean ez dugula inorekin ezer negoziatuko", azpimarratu du. "Batasunak ez bau indarkeria ekintza hauen aurrean ezer esaten edo ez badira desagertzen, guk ez dugu halakorik onartuko".

Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko harremanak atzeratu ote diren galdetu diotenean, baiezkoan dagoela erantzun du Imazek eta ETAri egotzi dio atzerapenaren ardura. Imazen arabera, erakunde armatu hori berariaz arituko litzateke elkarrizketak atzeratzen, hartara alderdien mahaiko negoziazioak ahalik eta gehien baldintzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.