Euskara

Kale izendegia euskalduntzeko puntua bozkatzeari uko egin dio Donostian oposizioak

Udalbatzarretik alde egin dute, eta bilera etetea beste biderik ez duela onartu du Donostiako alkateak. Kontseiluak esan du "onartezina" dela kale izendegia euskaraz ez egotea oraindik.

Donostian Espainiako erregearen senide baten kalea izendatzen duen plaka. IMANOL OTEGI, ARGAZKI PRESS
arantxa iraola
2014ko irailaren 25a
10:35
Entzun

Polemikaren zurrunbiloa ibili da egunotan Donostiako kale izendegiari euskarazko izena emateko udal gobernuak egindako proposamenaren inguruan. Kritika ugari egin ditu oposizioak, eta gaur goizeko udalbatzarrean ere agerian geratu da gaiak sortu duen banaketa handia. 12. puntua eztabaidatzeko unea iritsi denean —hor mintzatu behar zuten gaiari buruz, eta botatu— udalbatzarreko idazkariari ez zaiola gaiari buruz mintzatzen utzi salatu dute oposizioko ordezkariek, eta, kexu, batzar aretotik alde egitea erabaki dute. Quorum-ik gabe geratu da udalbatza, eta bilera etetea beste biderik ez dutela onartu du Juan Karlos Izagirre alkateak.

Juan Karlos Izagirre alkateak puntua gai ordenan iragarrita zegoela oroitarazi du, legez, eta ez zegoela motiborik gaur aintzat ez hartzeko. Udal gobernuak agerraldi bat egin du udal batzarraren ostean,  eta "benetan larritzat" jo du oposizioaren jarrera. Izan ere, gobernuaren aurka egitearen aitzakian, azkenean "euskararen normalizazioari kalte" egiten dion irudi bat eman baitute, donostiar guztien aurrean. Izagirrek adierazi du udalak euskarazko izenak ofizial bihurtzeko prozedura guztiak bete dituela. Ildo horretan, oposizioari jarrera aldatzeko eskatu dio,  "euskararen normalizazioan hain garrantzitsua den urratsa" egiten laguntzeko.

EAJk esplikatu du eskatua zuela puntua gaurko gai ordenatik ateratzeko. "Epeetan mingaina kanpoan dugula ibili gara", salatu du Miren Azkarate zinegotzi jeltzaleak. Aditzera eman duenez, horregatik zuten egina atzerapen eskaria, zuzenketa asko daudelako aurkeztuta gaiaren inguruan, eta denak bateratuta errazagoa izango delako gaiari buruzko eztabaida bat taxutzea. Atzerapena onartu ez dieten arren, gaur gaiaz jarduteko prest zeudela esan du. "Txostena prest eraman dugu". Aldiz, gaiari buruz erreferentzia egitean idazkariak hitza eskatu duela azaldu du, eta alkateak ukatu egin diola. Horrek eragin du, aditzera eman duenez, oposizioaren haserrea. Idazkariaren zehaztapenak ohikoak izaten direla esan du, eta batzarraren jardunbide onaren "berme" direla, eta egokia dela aintzakotzat hartzea.

Guzti horren ondoren, Kontseiluak txio batean esan du "onartezina" dela kale izendegia oraindik euskaraz ez egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.