"Ertzaintzarekin adostutakoa hitzez hitz bete dugu, ordu, minutu, ibilbide, dena". Haserre agertu da Jaizkibel konpainia, Hondarribiko (Gipuzkoa) alardean desfile parekidea antolatzen duen talde bakarra. Bihar dute egun seinalatua kostako herri horretan; 20. urtez desfilatuko dute Jaizkibelgo emakume eta gizonek. Urtero sufritu dituzte arbuioa eta erasoak alarde "tradizionalaren" zaleen partetik; ezagunak dira bide bazterrean plastiko beltzak zabaltzen dituzten ikusleen irudiak, edota alardeko parte hartzaileek igarotzean entzuten dituzten irainak.
"Honezkero frogatu dugu hamaika aldiz guk festaren parte izan nahi dugula, guk desfilatu nahi dugula, beste edozein konpainiaren moduan, Ertzaintzarik gabe, bakean", adierazi du Jaizkibel konpainiak ohar bidez. 20 urte igaro arren, ordea, oraindik ez daude horretarako moduan, eta aurten ere Poliziaren babesa behar dutela nabarmendu dute, jakin dutelako alarde baztertzaileko jarraitzaile batzuek plastiko beltzak zabalduko dituztela berriz Kale Nagusian: "Iazkoak baino estuagoak, baina plastiko beltzak".
Irungo (Gipuzkoa) ertzain etxeak, ordea, ez dauka asmorik ertzainak Kale Nagusian jartzeko aurten, soilik kalearen hasieran eta amaieran baizik; hala jakin du Jaizkibelek. Konpainiak jakinarazi du "gustatuko" litzaiokeela "egun hori heltzea", baina oraindik ez daudela une egokian. Horregatik, babes handiagoa eskatu dute gune gatazkatsurako: "500 hondarribiarren segurtasuna ezin da apustu pertsonal baten menpe egon".
Ertzaintzak 2013tik eskatu izan du alardearen ibilbidean plastikorik ez ateratzeko, baina desfile baztertzailearen zaleek ez diote jaramonik egin izan.