Goizeko bederatzietarako minutu gutxi batzuk falta zirela irten da Alfredo Remirez Zaballako espetxetik. 2015an atxilotu zuten Remirez, Armiarma operazioaren baitan. Espainiako Auzitegi Nazionalak 2017an urte erdiko zigorra jarri zion sare sozialetan "terrorismoa goratzea" egotzita. Ordea, aurretik, 2009an, ezarritako zigorra baliatu zuten hura kartzelara bidaltzeko. Auzitegiek urtebeteko espetxealdia ezarria zioten herriko jaietan preso baten panpina ateratzeagatik.
Aurretik jarritako zigorra aintzat hartu zuten auzitegiek amurrioarra espetxeratzeko. Urte bat egin du preso Remirezek. Azken hilabeteotan asteburuetan irteteko baimenak jaso ditu, besteak beste, Bilboko epaitegien aurrean Iñigo Cabacasen senideei babesa ematen izan zen.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 2009an ezarri zion urtebeteko espetxe zigorra Remirezi, baina bi urtetik beherako zigorra zenez, ez zuen bete behar izan. Ordea, bost urte baino lehen beste delituren bat eginez gero, preso sartzeko aukera zuen.