Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra beteta, aske geratu da Iñigo Albisu euskal presoa. Donostiarra 2007an atxilotu zuten, Erresuma Batuan, bi urte ihes eginda egon ostean. Londresek 2008an Espainiaratu zuen, eta Algecirasko espetxean (Espainia) egin ditu azken urteak.
Hamaika urte egin ditu preso Albisuk. Goizean, senide eta lagunak joan zaizkio espetxe atarira, eta iluntzean helduko da etxera.
Bisita Mikel Arrietari
Hain zuzen ere, Algecirasko espetxean izan berri da Errenteriako alkate Julen Mendoza, Mikel Arrieta presoa bisitatzen. Arrieta 2000tik dago preso, azken boladan Algecirasen —etxetik 1.200 kilometrora—. Lehen graduan ari da betetzen zigorra, eta, ondorioz, beti bakartuta egoten da.
Espondilartropia kroniko seronegatiboa du Arrietak. Gaixotasun hori larria da, sendaezina. Errenteriako Udalak ohar batean jakinarazi duenez, egoera horrek eta eragiten dizkion ondorioek eraman dute behin baino gehiagotan senitartekoen bisitei uko egitera, oinazea eragiten baitio bisita eremura joateak ere.