Amalurrari eta baserri munduari eskaini diote pailazoek aurtengo ikuskizuna eta diskoa: Amalur. Orain dela dozena bat urte gaia landua bazuten ere, baserritarren lana eta baserriko bizimodua erakutsi nahi izan dute lan berrian. "Egun, baserriaren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta elikaduraren inguruan hausnartzen eta bide berria jorratzen ari gara, eta horregatik berriro landu nahi izan dugu baserriaren gaia, istorio eta disko gaurkotu batekin", azaldu du Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek.
Baserritarrek egiten duten lanaren garrantzia erakutsi nahi izan dute diskoan. Horretarako, hamabost kanta sortu dituzte baserrian egiten den lanari eta baserritarren bizimoduari buruz, Xabier Zabala musikariaren gidaritzapean. Lazkaoko Iztueta eta Eibarko Sosola baserrietako (Gipuzkoa) lagunak eta Jakoba Errekondo paisajista izan dituzte aholkulari.
Amalur diskoarekin batera, Joxan Ormazabalen olerkiak abesti bihurtu dituzte; Euri tanta banintz diskoan jaso dituzte idazleak idatziriko olerkiak. Denera, hamabi olerki musikatu dituzte. Ana Zabala Ormazabalen emaztea eta Txoan eta Jatsu Ormazabal semeak arduratu dira senarraren eta aitaren olerkiak aukeratzen. Haiek jarri diete ahotsa olerkiei, eta eurak sortu dituzte olerkiak aurkezteko ipuintxoak.
Ormazabalen familiaz gain, musikari, abeslari eta pertsonaia ezagun ugarik parte hartu dute diskoan. Haien artean dira, besteak beste: Onintza Enbeita, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Jon Martin eta Uxue Alberdi bertsolariak; Petti, Alex Sardui eta Eñaut Elorrieta abeslariak; Ramon Agirre aktorea eta Maddalen Iriarte kazetaria. Disko-liburu bikoitza irailean eta urrian grabatu dute Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan, Kaki Arkarazo teknikariaren laguntzarekin.