Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak atzo bederatzi euskal preso aske uzteko egindako eskaerari erantzunez, Auzitegi Nazionala atzo hasi zen haiei buruzko erabakiak hartzen. Hiru askatzeko agindu zuen, eta gaur falta zirenak askatzeko agindu du. Fiskalak egindako eskaeratik at zeuden beste hiru ere aske uzteko agindu du auzitegiak: Ramon Uribe, Manuel Gonzalez eta Juanjo Legorbururena.
Atzo eta gaur, beraz, hamabi lagun atera dira espetxeetatik. Atzo hiru askatzea erabaki zuen auzitegiak: Juan Carlos Arruti Paterra, Luis Mari Lizarralde Izagirre eta Iñaki Rekarte Ibarra —Euskal Preso Politikoen Kolektibokoa da aurrena, eta Langraiz bidea deritzona hartutakoak beste biak—. Arrutik 2009ko urrian behar zuen libre, eta Lizarraldek, 2009ko azaroan. Rekarteri espetxetik lanera ateratzeko baimena eman zioten aurtengo udan. Arruti gaur eguerdian atera da. Presoak berak deitu zien Kordobako espetxe atarian zain zeuzkan senitartekoei, atzo ez zela aterako esanez.
Bigarren salak, ordea, gaur hartu du gaia esku artean. Juan Jose Zubietak 2012ko apiriletik behar zuen libre; Jesus Mari Zabartek aurtengo martxotik, Xabier Goldarazek 2011ko irailetik, Maitane Sagastumek 2009ko uztailetik, Jokin Urainek 2009ko abuztutik, Jose Etxeberriak 2010eko maiatzetik, Manuel Gonzalezek iaztik, Juanjo Legorburuk 2009ko apiriletik, eta Ramon Uribe iaztik.
Ardura penalak, bertan behera
Fiskaltzaren eskaerarik gabe erantzukizun penalak kendu dizkio Auzitegi Nazionalak Jose Manuel Perez de Nanclaresi ere. Langraiz bidea hartu zuen Perez de Nanclaresek, eta baldintzapean aske zegoen iazko maiatzaren 7tik, "indarkeriari uko egin" ziola baieztatu ondoren.
"Min egin arren", aplikatu
Eduardo Torres Dulce Espainiako fiskal nagusiak atzo esan zuen «mingarria izan arren» ez daukatela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrinaren kontra jarritako epaia doktrina ezarritako presoei aplikatu beste aukerarik.
Espainiako Diputatuen Kongresuan egin zituen adierazpenok Torres Dulcek. Doktrina kenduta kalera aterako diren presoekin zein neurri hartu behar dituzten azaltzera joan zen, eta esan zuen segurtasun indarrek "egoki iruditzen zaizkien legezko neurriak" hartuko dituztela.
Torres Dulceren arabera, «alferrikakoa eta jurisprudentzia aldetik ezinezkoa» litzateke fiskala Estrasburgoren epaia aplikatzearen kontra azaltzea. Nolanahi ere, fiskal nagusiak ere bat egin zuen Gorenak egin zuen eskaerarekin. Hau da, haren ustez, Espainiako Gobernuak zehatz arautu behar luke nola eta nork betearazi behar dituen Estrasburgok kaleratzen dituen epaiak.