Euskal Herria

Kalean dira Iruñeko bost atxilotuak

Nafarroako instrukzio epaitegiaren esku utzi zituzten Artzai Santesteban, Endika Garai, Ekaitz Esteban, Eneko Perez eta Jon Karmelo Lizarazu, eta han deklaratu dute gaur. Bideoa: gazteak, epaitegitik ateratzen ('Ateak Ireki'). [Youtube]http://youtu.be/894FVZvmy_s[/Youtube]

Berria.info
2013ko uztailaren 17a
16:57
Entzun

Atzo atxilotu zituzten bost gazteak, horietako lau Espainiako Poliziak eta Esteban, berriz, Iruñeko Udaltzaingoak. Sanferminetako txupinazioan desordena publikoak eragitea egotzi zieten guztiei. Jendea atxilotuei babesa ematera joan da epaitegira, eta han izan dira 10:00etatik aurrera. 12:00ak aldean irten dira auzitegitik. 

Gaur arratsaldeko seietan, berriz, prentsaurreko masiboa egingo dute, Iruñea Askatasunez herri mugimenduak deituta.

Nahasmena atxiloketen arrazoiak azaltzean

Nahasmen handia izan zen atzo atxiloketen inguruan. Hasieran, Udaletxe plazan ateratako ikurrin erraldoiarekin lotu zituzten gazteak, baina Txapitela kaleko istiluekin lotu zituzten gero berri agentziek. Bertsio kontrajarriak eman zituen Espainiako Gobernu Ordezkaritzak ere: hasieran horien aipamenik egin ez arren, Txapitela kaleko gertaerak aipatu zituen gero.

Han, Udaletxe plazara ikurrinak zeramatzaten herritarren aurka oldartu ziren udaltzainak eta foruzainak, eta argudiatu zuten galarazita dagoela tamaina handiko ikurrinik txupinazioan sartzea, "segurtasun arrazoiengatik". Gobernu ordezkaritzaren arabera, barrura sartzea lortu zuen pertsona multzo batek "eraso" egin zien ingurukoei, tokia egiteko, eta han "eraso larriak" eta "desordena publiko larriak" eragitea egotzi diete atxilotuei. Ondoren presoen eskubideen aldeko bi ikur sartu zituztela ere aipatzen du oharrean.

Ateak Ireki atariaren bideo batean ikus daitekeenez, borrekin kolpatu zituzten udaltzainek ikurrina plazara sartzen saiatu ziren hainbat iruindar. Besteak beste, Txelui Moreno Sortuko kidea zauritu zuten.

Ernai gazte antolakundeak salatu zuen "independentisten aurkako gerra iraunkorra" abiatu duela UPNk, eta "mendeku jarreraren" baitan kokatu zituen atxiloketak, txupinazioan ikurrin erraldoia atera izanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.