Kaleko prostituten aurkako araudiak gaitzetsi dituzte

Prostituzio librea arautu eta lan baldintzak hobetzeko neurriak eskatu dituzte elkarteek jardunaldi batzuetan

Aretoa betea zegoela eman zuten hitzaldia Montse Neirak eta Sylvia Gayk, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARP.
mikel p ansa
Donostia
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Kalean prostituzioan aritzen diren pertsonen aurkako lehenengoetako araudia Bartzelonak onartu zuen Iberiar penintsulan. Harrezkero, udal askok onartu dituzte «ordenantza zibikoak». Bilbokoa da Euskal Herrian adibide. Araudi horiek prostituten aurka egiten dutela ohartarazi zuten atzo Donostian. Prostitutei arreta ematen dieten elkarteek eta Gipuzkoako Diputazioak jardunaldiak antolatu zituzten, Gu gaitun goiburuarekin, eta goizean hitzaldia eman zuten Montse Neira prostituta eta zientzia Politikoetako lizentziatuak eta Sylvia Gay Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Biak bat etorri ziren kaleko ordenantzen kalteak aipatzeko orduan.

Adibide bat eman zuen Neirak; Bartzelonan, 55 urteko prostituta bat, urteak zeramatzana lan horretan, ezaguna zena eta auzoan «integratua» zegoena. Bartzelonako Udalak kaleko ordenantza onartu zuen momentutik, isunak jartzen hasi zitzaizkion. 9.000 eurotarainoko zigorrak pilatu zituen, gehienak polizia berak jarriak. Depresioak jo, kalera irteteari utzi, gaixotu eta, azkenean, hil egin zela azaldu du Neirak: «Guretzat, ordenantzen aurreneko biktima izan zen».

Udalek esaten dute «sexu esplotazioari» aurka egiteko onartzen dituztela ordenantza horiek, baina «barregura» ematen dio horrek Neirari. Kalean prostituzioan ari direnei 300 eurotik gorako isunak jartzen dizkiete, eta zerbitzuko 10 eta 30 euro artean kobratzen dituzte. «Pentsa zenbat zerbitzu eman behar dituzten isunak ordaintzeko». Prostitutak ez ezik, bezeroak ere zigortzen dituzte ordenantza horiekin. «Proxenetak, ordea, ez dituzte jarraitzen».

Ondorioa: prostitutak egoera prekarioan gelditzen dira, diru sarrerak galtzen dituzte, beste leku batzuetara alde egiten dute, osasun eta arreta zerbitzuekin harremana eteten dute, klubetara joaten dira baldintza kaskarragoekin... «Klubetan asktasun gutxiago dute», zehaztu du Neirak.

«Orain badirudi Espainiako Gobernuak debekatu nahi duela kaleko prostituzioa. Guretzat, bortizkeria instituzionala da hori». Kataluniako Generalitateak ere debekatu egin du kaleko prostituzioa. «Klubei, ordea, jarduera ekonomikorako baimenak ematen dizkiete. Zeinen alde daude? Boterea duten pertsona batzuei mesede egiten die horrek guztiak». Neirak esan du bere begiz ikusi duela pisu batzuetan poliziei diru sobreak ematen zizkietela. «Korrupzio handia dago».

Klub horiek, legea baliatuz, erraz itxi daitezkeela baina halere lanean jarraitzen dutela seinalatu du. Kaleko prostituzioaren aurka egiten dute botere publikoek, ordea. Aldiz, sexu esplotaziorako egiten den pertsonen salerosketaren aurka ere ez direla behar beste baliabide jartzen salatu du Neirak: «Baliabide judizialak eta ekonomikoak falta dira». Horren aurkako polizia operazio askotan, esklabutzan edukitako pertsonak atxilotu egiten dituzte, immigrazio irregularrean egotea egozten diete, eta deportatu. Biktimek salaketarik egin ezean, gainera, prozedurek ez dute aurrera egiten.

Munduko bigarren industria

Prostituta askok lanean jarraitu nahi dute, baina libreki eta bere buruaren jabe izanik, Neiraren hitzetan. «Ez dugu prostituzioa utzi nahi, dirua irabazteko aukera bat da». Hain justu prostituzioan borondatez aritzen direnen eta behartuta aritzen direnen artean bereizketa egitea premiazkoa dela nabarmendu du Sylvia Gayk. Eta borondatez aritzen direnei lan baldintza eta eskubide gutziak bermatu behar zaizkiela erantsi du. Datu bat eman du: armagintzaren atzetik, munduan diru gehien mugitzen duen industria da sexuarena. «Eta sexu industriako jarduera gehienak—pornografia, gailuen salmenta...— araututa daude, prostituzioa izan ezik», seinalatu du Gayk.

Prostituzio borondatezkoa legez kanpoko ez izatea erabaki zuen, 1995ean, Espainiako Gobernuak. Baina «linbo juridiko» batean gelditu da. Egungo legeak baliatuta, prostituzioaren jarduna arautzeko moduak badaudela uste du Gayk. Prostitutek autonomo gisa izena eman dezakete gizarte segurantzan; epaile batek lortu zuen, behin.

Egokiena, ordea, prostitutek kooperatibak sortzea dela uste du. Langileak eurak beren buruaz eta lanaz jabetuko liratekeelako modu horretan: «Klase kontzientzia behar dugu, prostituzioan ari direnak boteretzeko. Horrekin, errazagoa izango da prostituzio librea arautzeko moduak aurkitzea». Prostituzio hitza bera kategoria profesional gisa erabili behar litzatekeela ere aldarrikatu du Gayk: «Ez diezagula beldurrik eman kontzeptu hori erabiltzeak. Harrotasuna hedatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.