Jai giroan egingo dute manifestazioa, eta han parte hartu nahi dutenei ostiralean 12:30ean Plaza Eliptikora joateko deia egin diete gaur prentsaurrekoan agertu diren hogei lagun inguruk. Besteak beste, Arantza Zulueta abokatua eta preso ohia eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko militante historikoa agertu dira prentsaurrekoan.
Gotzon Amaro preso ohiak ohartarazi du, hain zuzen, Espainiako eta Frantziako espetxeetan euskal presoak dauden bitartean ez dela egongo "normalizazio politikorik". Estatuei jarrera aldarazi behar zaiela azpimarratu du, eta horretarako ezinbestekoa dela gizartea mobilizatzea.
Izan ere, ezker abertzaleko mugimenduak salatu duenez, Euskal Herriko gizarteak "gatazkaren ondorioak modu integralean" gainditu nahi baditu ere, "estatuek bake eta askatasunerako bidea blokeatu besterik ez dute nahi". Gainera, bereziki gogor ikusten dute blokeorako nahia "espetxe politika krudel eta gogorrean".