Bada garaia. Orain presoak lelopean, "preso politikoen korapiloa" askatzeko pausoak eskatuko ditu Kalera Kalera dinamikak, Donostian. Iganderako deitu dute mobilizaziora. Kontxako Bandera jokatu ondoren abiatuko da manifestazioa, 13:30ean, Bulebarretik.
Kalera Kalerak nabarmendu du mobilizatzeko garaia dela, eta gaineratu du gizartearen presioak behartu dezakeela soilik Espainako Gobernua orain arteko espetxe politika moldatzera. "Erregimen espainiarra eroso dago, beti eskuin muturreko alderdi eta sektore ultren menpe, mendekuan eta gorrotoan oinarritutako sabuespen espetxe-politika aplikatuz. Gure herriaren borondateari ez dio erreparatuko, presio nahikorik sentitzen ez duen bitartean".
Dinamikak gaineratu du presoen egoerari irtenbidea ematea nahitaezkoa dela gatazka gaindituko bada. "Gatazkaren ondorioak konpondu ezean, ezin izango dugu bakean eta bizikidetzan aurrera egin. Ezin dugu ahaztu premiaz honako gai hauek konponbidea eskatzen dutela: gerturatzeak, gaixorik diren presoek, zigor-metaketek eta gradu progresioak".
Euskal Herrian presoen auziarentzako "irten bide duin eta arrazoizko" baten aldeko adostasun zabala dagoela ziurtatu du dinamikak, baina, hala ere, salatu du Madrilek oraindik ez duela egin urrats nahikorik. "Itxaropen faltsuak hauspotu ditzaketen hitz hutsez harago, ekintzarik ez dugu antzematen. Erregimen postfrankistak etsipena zabaldu nahi du gure artean. Eta ez da bakarrik gure sentimenduekin jokatzen ari; presoen eta senideen bizitzekin ere jokatzen ari da. Onartezina da. Egoera horrek lehenbailehen amaitu behar du."
Kalera Kaleraren esanetan, euskal gizarteak lortu du Frantzia mugiaraztea, eta orain Espainia mugiarazi behar du, presoen egoerari konponbidea emateko.