Ordaindu gabeko hipoteka baten ondorioz atzo Gasteizen egitekoa zen bi etxeren enkantea urrira arte atzeratu da, eta etxejabeek, momentuz, ez dute etxea galdu. M-15 mugimenduaren presioari esker izan da atzerapena Maria Aureliaren ustez, pisuetako baten jabea eta 67 urteko emakume pentsioduna bera. Hain zuzen ere, dozenaka pertsona bildu ziren enkantea egin behar zuten tokiaren aurrean, Gasteizko Justizia Jauregiaren kanpoko aldean. Pozik ziren etxejabeak. «Atzerapenak atseden apur bat eman digu»
2006. urtean 115.000 euroko mailegua eskatu zuen emakume horrek, alabarekin eta haren bikotekidearekin batera. Alokatutako lokal batean okindegi bat irekitzea zen helburua. Laguntza izan zuten; Hedegile kaleko bizilagun erretiratu bati haren etxebizitza maileguaren berme modura jartzeko mesedea eskatu zion andreak, eta hark baiezkoa eman zuen. Ordea, alokatutako lokalaren jabeak beste pertsona bati saldu zion lonja, eta okindegia itxi egin behar izan zuten. Ordutik alaba eta bikotekideak hipotekaren kuota ordaintzeari utzi zioten.
Azken urteetan Maria Aureliak 388 euro ordaindu izan ditu hilero; 600 euroko pentsioa du. «Noiz edo noiz kutxak pentsio osoa bahitu izan dit», azaldu zuen enkantera gerturatu ziren hedabideen aurrean. Zorra alabari eta bikotekideari ere eskatzeko galdegin dio Vital Kutxari. Bitartean, hiru hilabeteko atzerapena baliatuta, pisua saldu nahi du, Vital Kutxarekin duen zorra kitatu ahal izateko. Pisurik gabe geldituko dela barneratu duela jakinarazi du, eta orain bere lehentasuna bizilagunaren pisua enkantera ez ateratzea dela.
«Paper bat» faltan
Atzo enkantea atzeratzeko erabilitako argudioa izan zen «paper bat» falta zela. Hala azaldu zuten M-15 mugimenduko kideek. Ordea, haien ustez kalean bildutako dozenaka lagunei aurre ez egiteko neurria izan zen. Hiru hilabeteko atzerapena egongo zela jakin arren horrelako egoerak gerta ez daitezen lanean jarraituko dutela aurreratu dute. Kasu jakin honetan adostasuna lortzeko borondatea eskatu diote Vital Kutxari, mailegua eskatu zuten guztiek zorra ordain dezaten.
Maria Aurelia eta bizilagunaren etxebizitzak enkantean salduta ere Vital Kutxarekin duten zorra kentzeko nahikoa diru ez dutela irabaziko uste du Gasteizko M-15 mugimenduak. Hortaz, etxerik gabe egonda ere hilero 388 euro ordaintzen jarraitu beharko duela nabarmendu dute. «Egungo legediak bankuak babesten ditu, etxebizitzaren burbuilaren erantzuleak izan ziren arren», azaldu zuten atzo, ibiltarien artean banatutako eskuorrien bitartez.
Horrez gain, bestelako erakundeen jokabidea ere kritikatu du Gasteizko M-15ek. Gasteizko Alde Zaharra Biziberritzeko Agentziak bi pisu horiek erosteko asmoa agertu duela azaldu du, eta eskatu zuen pisuen balorazioa 2006an kutxak egin zuen balorazioaren %60izateko. Horrez gain, agentziak atari horretako hainbat pisu jada hartu dituela gogorarazi du, eta aipatu bi bizilagunenak erosiko balitu bakar baten faltan geldituko litzatekeela bloke osoaren jabe izateko.
Bildu, konponbide eske
Egoera horiek guztiak salatzeko, eta etxea galtzeko zorian dauden Gasteizko bi bizilagun horiei elkartasuna erakusteko, elkarretaratzea antolatu zuen atzo M-15 mugimenduak Andre Mari Zuriaren Plazan. Hedegile kaleko bi bizilagunen egoera bertsuan dauden pertsonak daudela gogorarazi zuten, eta Gasteizko M-15 mugimenduarekin harremanetan jartzeko dei egin zieten denei.Kike Fernandez de Pinedo eta Itziar Amestoi Bilduko zinegotziak Andre Mari Zuriaren Plazako elkarretaratzean izan ziren. Enkantera ateratako etxebizitzen jabeei elkartasuna adierazi zieten, eta alde guztien arteko akordioa eskatu zuten.
Vital Kutxaren eta Alde Zaharra Biziberritzeko Agentziaren jokabidea kritikatu du Bilduk. Etxebizitzarik gabe gelditu daitezkeen bi lagun horien egoera ekonomiko larriaren aurrean kutxaren helburu sozialak lehenetsi behar direla azaldu du. Bestetik, abagunea baliatuta etxebizitza horiek erosi nahi izatea egotzi dio agentziari.
Kaleratzeko zorian direla, hiru hileko luzapena lortu dute bi etxejabek
Gasteizko bi lagun dira, erretiratuak; dozenaka pertsona bildu dira sostengua ematera, M-15ek deituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu