Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak azken urteetako murrizketei buelta emateko proposamen modura aurkeztu du herri ekinbide legegilea. Hiru arlotan egin nahi dituzte aldaketak: diru laguntzak bermatzeko errentan, larrialdi sozialeko laguntzetan eta alokairu sozialean.
Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen hasteko gutxieneko adina 23 urtetik 18ra jaitsi nahi dute. Gutxieneko errolda aldia berriro urtebetera itzultzeko ere eskatu dute. Eta errentaren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea proposatu dute. Larrialdi sozialeko laguntzei dagokienez, eskubide subjektibo bihurtzearen alde agertu dira. Salatu dute gaur egun aurrekontuen mende daudela: dirua bukatzean laguntzak banatzeari uzten dio gobernuak. Eskubide subjektibo bihurtuko balitz, administrazioak laguntza bermatu beharko luke. Alokairu soziala bada eskubide subjektibo, baina ohartarazi dute ez dela betetzen. Sarri alokairu sozialaren pareko diru kopurua ematen dute, ohiko alokairua ordaintzen laguntzeko.
Abuztuaren 30a baino lehen 10.000 sinaduratik gora lortu behar dituzte. Oraingoz, Gutunaren bide diren eragileek euren aldetik bilduko dituzte. Ekainaren 26an kalera aterako dira, herritarrei babesa eskatzera. Horrez gainera, mobilizazioetan parte hartzera dei egin dute. Etzi egingo dute lehena, Eusko Legebiltzarraren parean.