Gurutzetako erietxetik, Txagorritxutik eta Donostiako ospitaletik abiatu dituzte protestak aldi berean Osakidetzako langileek, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu diote proposamen "zehatzak" egin ditzala eta "kea saltzeari" utz diezaiola. ELA, LAB, UGT, SATSE eta ESK-k babestu dituzte Mobilizazioak, murrizketarik ez, enpleguaren alde lelopean.
Osasun sistema hobetzeko akordio bat negozia dezala eskatu diote Osakidetzako zuzendaritzari, eta horretarako beharrezkotzat jo dute enplegu publikoa sortzea. Gainera, garapen profesionalerako 2011ko deialdiari berriro heltzea ere galdegin dute, aurten eten baitute; era "neurrigabean", sindikatuek salatu dutenez.
Langileek duten "gainkarga" dela-eta Osakidetzako arretaren kalitateak behera egin dutela uste dute, eta gogorarazi 3.000 lanpostu inguru murriztu dituztela 2010etik. Irailaren 15ean mahai sektorialetik joan ziren sindikatuak, iritzita Osasun sailburuak ez dituela aintzat hartzen haien eskakizunak; hori horrela, "protesta irmoagoetara" joko dutela berretsi dute.