Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusi Juan Kalparsorok ohartarazi du Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak ez duela baimenik "nortasun agiririk emateko", eta Ertzaintzari txosten bat egiteko eskatu dio, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko EAEn duen ordezkariak Udalbiltzaren kontra eginiko salaketaren ostean.
Nortasun agiri bat sortzea Espainiako legediaren aurkakoa dela salatu zuen Urkijok duela hilabete, eta "desafio independentistaren atal berri honen balizko ardura administratiboak eta penalak kitatzeko neurriak" hartzeko eskatu zien Kalparsorori eta Espainiako Auzitegi Gorenari.
Ertzaintzak txostena egin ostean erabakiko du Kalparsorok salaketa artxibatzen duen edo Udalbiltzaren kontra jotzen duen.
Biltzarrak martxoaren 19an jakinarazi zuen euskal herritartasuna sustatzeko dinamikak abian jarriko dituela. Oraingoz, haren ardatzak euskal ikurrak, euskal herritartasun agiria eta .eus domeinua izango dira.
Honela dio Euskal Herriko instituzioaren ebazpenak: "Udalbiltzak euskal herritartasuna publikoki adieraziko duen agiri ofizial bat sortzea bultzatuko du. Ekimen hori, herritarren atxikimendu librean oinarrituko da, eta Euskal Herriaren kultura, hizkuntza eta identitate espresio anitzekiko errespetuzko jarrera mantenduko du. Horretarako, instituzio nazional hau lanean ari da dagoeneko horren tramitazioan eta, halaber, erabilera eta bideragarritasuna bermatzeko behar dena egiten".
Absoluzioa 2011n
2003an operazioa egin, eta 21 lagun auzipetu zituzten Udalbiltza auzian. 2011ko urtarrilaren 20an, ordea, Auzitegi Naizonalak errugabetzat jo zituzten Udalbiltza eta auzipetuak, deliturik egin ez zutela eta ETArekin zerikusirik ez zutela argudiatuta (epaia). EHNA Euskal Herriko Naziotasun Aitormena izan zen desegin aurreko Udalbiltzak sustatutako proiektuetako bat.