Jende gutxi ageri zen atzo Iholdi eta Armendaritzeko bide bazterretan, etxe bazterretan, pentzeetanÉ Jendea ikusteko gora begiratu behar zen. Teilatu gehienetan lagun bat, bi edo lau ari ziren lanean. Teilatua konpondu behar zuten, bezperako ekaitz labur bezain gogorraren ondorioz.
Bospasei lagun bildurik zeuden, Iholdiko Herriko Etxeko ate aitzinean, atzo arratsalde hasieran. Bakoitza bere aldiaren zain zegoen, idazkariarekin biltzeko. Egun osoan zehar izan ziren bisitak Herriko Etxean. Idazkaria eta aseguruko langilea lanpetuta ibili ziren. Jendeak bere etxean, etxaldean eta alorretan jasan kalteen berri eman behar zuen, gerora aseguruek ordaintzea nahi baldin bazuten. Beraien artean, solasgai bat eta bakarra : bezperako ekaitza eta haren ondorioak.
«Ene etxean dena busti-bustia da, gela guztiak, paretak, besaulkiak, denaÉ», zioen Maitek. 20:00ak aldera gertatu zen harri zaparradak etxeetako teilak hautsi zituen. Iholdin ez zen etxe bakar bat ere salbatu, Herriko Etxetik zehaztu zutenez. Ia 140 etxe kaltetu ziren. Horiei gehitu behar zaizkie arditegiak, arto alorrak eta abar. Armendaritzeko trinketeko teilatuak ere kalte handiak jasan zituen eta barnea urez blai zegoen. Irisarrin eta Suhuskunen ere kalte ugari izan zuten. Ainhoan 17 urteko gazte bat hil zen bere motorraren kontrola galdurik, kazkabarretan lerraturik. Auto baten kontra jo zuen eta berekilan zegoen 14 urteko bidaiaria larriki zauritu zen.
Teilak hautsi ondoan, arratseko 21:00etatik goiti hasi ziren gainerateko kalteak. Orduan hasi zen euri zaparrada eta ez zuen berehala atertu. Euria zuloetatik barrena sartu, itaxurak eragin eta kalteak areagotu zituen etxeetan. Maiteren etxean, isolatzeko geruza blai gelditu zen eta horrek paretak kaltetu.
Amesgaiztoak ez zuen luzaz iraun. «30 segundo, minutu bat gehien-gehienik», ari ziren eztabaidan herritarrak. Kazkabarra bortz minutuz erori zen, baina horietarik denbora gehienean ez zen hain lodia. Minutu erdi batean, «arrautza bezain lodiko» harriak erori ziren. Pierrotek eskuarekin erakutsi zuen harri haien loditasuna.>
Gau luzea
Harri haien indarra ez zen gutxiestekoa. Oraino herriko plazan zeuden autoei begiratzea nahikoa zen ekaitza zein bortitza izan zen ulertzeko. Autoetako beirak xehatuak ziren, estalkiak kaskatuak, horietarik batzuk azkarki andeatuak. Iholdiko Postako bi autoek talde batek harrika hautsi balitu bezalako itxura zeukaten.
Herritarrak bakoitza bertzeari bere gauaren kontatzen aritu ziren atzo. «Bart ez dugu lorik ere egin, etxe barnea dena bustia genuen». Emozioa ere nahiko bizia zen. Lehen orenetik teilatu gainetara igo ziren, ekaitza pasatu ondoan, teilak konpondu beharrez. Teila berriak etorri bitartean, plastikoarekin ahal bezala estali zituzten zuloak. «Teilatua oso irristakorra zegoen. Patata zakuen gainean, ahal bezala egoten ahalegintzen nintzen», esplikatu zuen Jean Pierrek.
Atzo bakoitza bere etxean, teilatuen konpontzen ari zen, kalteak ikusten. Suhiltzaile ugari ere bazen teilatuetan, zurubiak nonahi. Iholdiko suhiltzaileek Hazparne, Kanbo, Baiona eta Donapaleukoen laguntza jaso zuten. Auzoek elkarren artean erakutsi «elkartasuna» nabarmendu zuten. Ofiziale batzuek teila berriak ekarri zituzten, kaltetuentzat. «Baina bakoitzak bere aldiaren beha egon beharko du. Ez da ofizialerik aski denak aldi berean konpontzeko», azaldu zuen Maitek.>
Aseguruen beha
Horrelakoetan, ontsalaz, aseguruek kalte-ordainak beren gain hartzen dituzte. Baina ordainketa epeak luze joaten dira eta familiek, laborariek eta enpresek berehala ordaindu behar dituzte konponketak. Aseguruetako aditu bat etortzekoa zen atzo arratsaldean, kalteen neurtzera. Pierre Dartou Pirinio Atlantikoetako prefetak ere bisita bat hitzeman zuen. Herritarrek 16:00etarako etorriko zela uste zuten, baina 17:30ean oraino Baionan zegoen, baina Armendaritze, Iholdi eta Irisarriren bisitatzera abian zen.
«Herritarrei elkartasuna adieraztera eta suhiltzaileen lana txalotzera noa», azaldu zuenprefetak. «Urgentziazko neurriak hartzea ere aztertuko dut, kalteen arabera». Haatik, oraino goizegi zaio ekaitzaren ondorioak «hondamendi natural» gisa sailka daitezkeen jakiteko. Kazkabarraren kalteak aseguru etxeek beren gain hartzen dituztela zehaztu zuen. Aitzinetik izan ekaitzetan oinarrituko da jakiteko ea halako neurria posible den. Bihar bilera bat iraganen da Pauen, kaltetutako Herriko Etxeetako ordezkariekin.
Bitartean, herritarrek duela hogei urtekoa gogoan jarraituko dute. Gaur beteko dira hogei urte, eskualde berean gisa bereko ekaitza gertatu zenetik. Berriz ere harriturik gelditu dira. «Inork ez gaitu abisatu horrela izanen zela. Arras atxemanak izan gara» mintzatu zen, penaz, Lucien Delgue, Armendaritzeko auzapeza. Aurten, Meteo Francek neurri bereziak ezarri zituen, gasaren bidez lainoak eskualde hartatik urruntzeko. «Eta funtzionatu dik?», galdetu zuen Jean Pierrek. «Hor daukak froga» erantzun zion Pierrotek.>
Kalte handiak Iholdi eskualdean
Iholdi, Armendaritze eta Irisarriko ia etxe guztietako teilatuak andeatu ditu astearte arratseko harri zaparrada bortitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu