Gertatutakoa "benetan larria" dela salatu du Errenteriako Udalak, eta jakinarazi du "bere eskura dauden neurri guztiak" jarriko dituela horrelakorik gehiago gerta ez dadin. Ikerketak martxan daudela azaldu du, eta baliabide guztiak jarriko dituela "erasoa jasandako pertsonen eskura".
Errenteriako Udalak berak zabaldu du notizia, eta esan du atzo Galtzarabordako kiroldegiko erabiltzaile batzuek "kamera mugikor bat" ikusi zutela emakumeen aldagelan. Xehetasun gehiagorik ez dute eman, baina gertatutakoa argitzeko bere esku dagoen guztia egingo duela jakinarazi du udalak, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa abian dela azpimarratu du. Izan ere, udal eraikina da Galtzaraborda kiroldegia. Gertatutakoa "erabat gaitzetsi" du udalak.
Horretaz gain, udalak gogora ekarri du astelehen arratsaldean "eraso matxista" jasan zuela emakume batek herrian, eta salaketa jarri zuela. Eraso hori ere salatu egin du udal gobernuak, eta halako jarrerarik ez duela onartzen azpimarratu.
Hala, eraso horiek gaitzesteko deitzen diren elkarretaratze guztiekin bat egiten dutela jakinarazi du.
Hirugarrena denbora gutxian
Emakumezkoen aldagelak zelatatzen dituzten kasu gehiagoren berri ere izan da azkenaldian. Urte hasieran jakin zen Azpeitian zuloak topatu zituztela Lagun Onak futbol taldeko aldagelan; eta iazko azaroan kamerak topatu zituzten Getxon, Fadurako kiroldegiko aldagelan.