Arratsaldeko 18:00ak pasatuta hasi da gaur Bilboko Kukutza gaztetxearen aldeko manifestazioa. Gaztetxea gara du leloa, baina pankarta nagusiarekin batera beste batzuk ere ikus daitezke, Feministok X Kukutza kasu, elkartasuna adieraziz. Jende andana bildu da hasterako, asko pelukak eta mozorroak jantzita.
Sare sozialetan salatu dutenez, Durangoko ordainlekuan kontrola zegoen eta manifestaziora zihoazenak geratu dituzte. Ertzaintzaren helikopteroak manifestazioa zaindu duela ere salatu dute.
Manifestazio eguna izateaz gain, jai eguna ere bada gaurkoa, eta manifestariekin batera hiru kamioi prestatu dituzte, musika lagun, Errekaldeko kaleak girotzeko. Jesusen Bihoitza plazan hasi eta Errekalden bukatuko da manifestazioa, eta Bad Sound Sistemek, Sorkunek, More Jaiak, DZ ta Xabi Solanok eta 121 Crew-k joko dute ibilbidean.
Amaitu ondoren ere musika kontzertuak izango dira Errekaldeko kaleetan. Anestesiak hiru urteko etenaldiaren ostean joko du, eta horiekin batear La Kinky Beat ariko da.