Gizon bat hil zen larunbat gauean, beste batekin izandako borrokan; biak kamioilariak ziren. Oiartzunen (Gipuzkoa) gertatu zen ezbeharra, Lanbarren industrialdean; salgaien garraiorako prestatua dagoen aparkalekuan, hain justu. SOS Deiak-ek abisua jaso zuen larunbat gauean, bederatziak eta erdi aldera, ezbeharraren berri emanez.
Labankada jaso zuen gizona, odoletan, aparkalekuko arduradunetako batengana joan zen laguntza eske, eta hark deitu zuen SOS Deiak-era; horrela hurreratu ziren anbulantziak eta ertzainak aparkalekura.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, bi kamioilariren artean liskarra sortu zen; berotuz joan zen, eta joka eta bultzaka hasi ziren. Eta liskar horren erdian zirela, bi kamioilarietako batek labana atera eta besteari sartu zion lepo aldean. Herrizaingo Sailaren adierazitakoaren arabera, Lanbarrengo industrialdean horretarako propio jarria dagoen toki batean afaltzen ari ziren bi gizonezkoak, eta afaltzen ari zirela piztu zen bien arteko liskarra. Erasorako erabilitako labana ere bertan aurkitu zuela adierazi du Ertzaintzak.
Oiartzunera larrialdi zerbitzuak iritsi ziren larunbat gauean bertan, baina ezin izan zuten ezer egin zauritutako kamioilairarengatik. 40 urte zituen hildakoak, eta Bulgariakoa zen. Borrokan parte hartu zuen beste gidaria ere herrialde berekoa da, eta 55 urte ditu. Ertzaintzak atxilotu egin zuen azken hori, larunbat gauean bertan, eta ikerketaren ardura bere gain hartu du. Hildakoaren gorpua Donostiako auzitegi patologia zerbitzura eraman zuten, autopsia egiteko.
Kamioilari bat hil da, beste batekin borrokan hasita
Hiltzaileak labana bat erabili zuen eta lepo aldean sartu zion hildakoari, Ertzaintzak adierazi duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu