Kamioia hartu eta iladan atera dira Lasarte-Oriatik kamioilariak Donostiara bidean. San Tomas eguna hautatu dute protestarako, eta bat egin dute protestan Hiru sindikatuak, Guitrans patronalak eta Transoguki, Burni Garraioak, Pasaiako Portuko Kooperatibak, Goi Garraioak eta Arelur kooperatibek. Egunaren esanahi bereziari ere erreparatu diote: "Garai batean, halako egunez konpondu ohi zituzten maizterren eta etxejabeen arteko kontuak", Hiru sindikatuko idazkari tekniko Esteban Muruamendiarazen arabera.
Eta konponbidea nahi dute haiek ere, buruan darabilten kezka batentzat; izan ere, garraiolariei bidesariak ipintzeko hainbat egitasmo izan dira azkenaldian Gipuzkoako Diputazioan. Azken proiektua —Bildurena, Arkupe deitua— aurrera ateratzeko aski babesik gabe geratu da, baina, hala ere, kamioizaleak ez dira fidatzen, eta protestara joatea ebatzi dute.
"Ezin gara lasaitu, ezin dugu atsedenik hartu. Batzuek eta besteek iritzi berbera dute: errepideak erabiltzeagatik, guk, garraiolariok ordaintzea nahi dute". Gipuzkoako bide azpiegituretan zor handia dago, aurreko legealditik jasotakoa, eta, garraiolarien aburuz, egin diren proposamenen bidez zor hori "garraiolarien bizkarrera" bota nahi dute. Sektore osoa dago horren kontra.