Europako Batasuna eta Kanada hainbat urtez negoziatzen aritu diren merkataritza libreko akordioa azken fasean sartu da. CETA izeneko akordioa amaitzea eta sinatzea proposatu du gaur Europako Batzordeak. AEBekin negoziatzen ari den TTIP akordioaren oinarri gisa aipatu izan da CETA.
Erabakia hartuta, datorren urrian EBk eta Kanadak egingo duten goi bileran akordioaren sinadura ofiziala egitea nahi du EBk. Horren aurretik, Europar Kontseiluaren oniritzia behar du. Sinatu ondoren, Europako Parlamentuak testua babestu edo ez bozkatu beharko du.
Tramitazioa akordio "misto" modura egitea ontzat jo du Bruselak. Berez, EBren eskumen hutsa diren gaiei buruzko akordioak indarrean sartzeko nahikoa da kontseiluaren eta parlamentuaren babesarekin. Mistotzat jotzeak esan nahi du estatu kideen eskumenak ere ukitzen dituela, eta, hortaz, herrialde bakoitzak testuari baiezkoa ematea beharrezkoa da, aurreikusita duen prozeduraren arabera. Hala ere, Bruselaren asmoa da kontseiluaren eta parlamentuaren baiezkoa dagoenean ituna behin behinean indarrean sartzea.
"Europako merkataritza politikaren sinesgarritasuna jokoan dago", ohartarazi du Jean Claude Juncker EBko presidenteak. Haren ustez, merkataritza alorrean Europak inoiz negoziatu duen akordio "onena eta aurrerakoiena" izango da. Erresuma Batuan izandako erreferendumaren ondotik Kanadarekin akordioa bazterrean geratuko zen hipotesia aipatu izan da egunotan, eta batzordeak urrats bat egin nahi izan du aurrera
Cecilia Malmstrom Merkataritza komisarioaren ustez, lege ikuspuntu batetik ez litzateke beharrezkoa izango estatu kide bakoitzaren oniritzia bilatzea, baina "sinadura azkarra errazteko" formula mistoa erabiltzea defendatu du. EBren eta Singapurren arteko ituna aztertzen ari da Europako Justizia Auzitegia, eta merkataritza alorreko itunen eskumena definituko duen epaia espero da.
Hainbat produkturi ezarritako tarifak murriztuta edo ezabatuta kontsumitzaileek eta enpresek "lehen egunetik" abantailak lortuko dituztela argudiatu du EBk akordioaren alde egiteko. CETA indarrean sartuta, Eurooapko produktuek muga-zergetan 400 milioi aurreztuko lituzkete hasieran, eta trantsizio epe guztiak amaituta, 590 milioi. Zerbitzuen eta inbertsioen alorrean ere merkatua liberalizatuko du bi blokeen artean.