Hurbiletik erreportaje saioa herritarren parte hartzearekin egiten saiatzen da Kanaldude telebista, "ideiatik errealizazioraino", laguntzaileak parte har dezake gidoian, filmaketan eta edizio lanean. Ahalegin horrek ordaina izan du, eta Rikardo Arregi Kazetaritza saria jaso du telebistak, Andoainen egindako ekitaldian.
Komunikazio Saria, berriz, Ttap aldizkariari eman diote. Azkar irakurtzeko euskarazko astekari digitala da Ttap, sakelakoetan eta tabletetan irakurtzeko.
Kanaldude eta Ttap-ekin, zortzi finalista zeuden aurtengo sarietarako; launa, atal bakoitzeko. Kazetaritza saria jasotzeko hautagaietako bat zen Miel Anjel Elustondo kazetaria, BERRIArako egin zuen Zozoen elean elkarrizketa sortagatik. Elustondoz gain, Jon Artano kazetaria zegoen, 2019. urtean Ameriketatik EITBrako egindako kronika eta elkarrizketengatik, eta Ana Galarraga zientzialaria Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalagatik.
Komunikazio sarirako hautagaiak: Codesyntax enpresak garatu duen Egunean Behin sakelakoetarako jokoa zegoen, Oier Aranzabalek zuzeu.eus domeinuko Barruan gaude atalean argitaratzen dituen podcastak, eta 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina.