Kandido Zubikarai Ondarroako (Bizkaia) presoari espetxe zigorra luzatu diote Parot doktrina aplikatuta. Izan ere, Hilaren 26an kartzelatik irtetekoa zen, zigorra beteta, baina beste bost urte luzatu diote zigorra, erredentzioak ez dizkiotelako kontuan hartu. 2011rako ezarri diote kaleratze data berria.
Atzo gauean abiatu zen Ondarroako 70 pertsona inguruko martxa Villenako espetxeraino. Euren asmoa bertan ekitaldi xume bat egitea zen. BERRIA.INFOri Villenako espetxe ataritik jakinarazi diotenez, hara iritsi direnean ez diete espetxe eremuan sartzen utzi. Hori dela eta, espetxeari buelta eman diote eta ekitaldi xume bat egin dute, txalapartak lagunduta Kandido Zubikarairi elkartasuna adierazteko. Villenako espetxean dauden presoek kartzelako leihoetatik egin dute bat Ondarroako lagunekin.
Ekitaldia bukatuta autobusera itzuli dira. Orduan Guardia Zibilak hurbildu dira beraiengana eta identifika daitezela eskatu diete. BERRIA.INFOri azaldu diotenez, uko egin diote identifikatzeari. Orduan Guardia Zibilek jakinarazi diete ezin zutela inora joan.
Azkenean EHNArekin identifikatu dira gehienak
Denbora luzez egon dira bertan eta une batean eskualdeko kapitaina gerturatu zaie. Nahitanahiez identifikatu beharko zutela jakinarazi die BERRIA.INFOk jakin ahal izan duenez. Hain zuzen ere, han bertan identifikatzen ez baziren, errepidean identifikatuaraziko zietela jakinarazi die.
Villenako espetxe ataritik jakinarazi digutenez, asko hitz egin dute Guardia Zibilekin. Presoenganako errepresiorik egotea ez zutela nahi esan diete. Batu egin dira zer egin behar zuten erabakitzeko eta azkenean identifikatzea erabaki dute. Askok EHNA erabili dute horretarako.
Identifikazioaren tramitea amaitu ostean, Ondarroarako bidean jartzea espero dute.
Zubikarai 1989ko apirilaren 16tik dago preso. Gaur egun, Villenako (Alacant, Espainia) espetxean dago. Zigorraren hiru laurdenak 2001ean bete zituenez, jada kalean beharko zukeela salatu dute.
Presoak
Kandido Zubikarairi elkartasuna adieraztera joandako 70 lagun atxikita izan ditu Guardia Zibilak
Kandido Zubikarai euskal presoari elkartasuna adieraztera joan dira 70 lagun inguru Villenako espetxera. Ondarroatik joan dira Villenako (Alacant, Espainia) espetxera. Ekitaldi xume bat egin ostean etxera itzultzeko autobusa hartzera joan direnean Guardia Zibilak identifikatzeko eskatu die. Uko egin diote identifikatzeari eta Guardia Zibilak ez die autobusera igotzen utzi. Bi ordu inguru izan dituzte atxikita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu