HEZKUNTZA

"Kanpaina informatiboa" eginen dute Nafarroako sindikatu guztiek, hezkuntzan murrizketak salatzeko

Ikastetxe, guraso elkarte, alderdi, ikasle sindikatu nahiz eragile sozialekin bilduko dira datozen asteetan, eta ez dute baztertzen mobilizazioen bideari ekitea

Hezkuntzako sindikatu guztietako ordezkariak gaur goizean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2018ko otsailaren 23a
12:44
Entzun

Hezkuntza Departamentuak hezkuntza itunaren negoziazioa "alde bakarrez" hautsi zuela salatu dute LAB, Steilas, Afapna, CCOO, Anpe, ELA, CSI-F, APS eta UGT sindikatuek, eta Maria Solana kontseilariak atzo esandakoak gezurtatu dituzte: "Berak publikoki esan du negoziazioak irekiak daudela eta sindikatuok irmokeria azaldu dugula. Mahai sektorialean parte hartzen dugunok ia urtebete eman dugu proposamenak egiten, aktiboki lagundu dugu eta behin eta berriz erakutsi dugu akordioetara iristeko borondatea; aldiz, hilabete hauetan, departamentuak ez ditu bere konpromisoak zehaztu", azaldu dute Alberto Goikoak (LAB) eta Amaia Zubietak (Steilas), sindikatu guztien izenean. Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean.

Solanari ez ezik, Uxue Barkos lehendakariari ere egin diote kritika: "Ez dio gure bilera eskariari erantzunik eman. Gatazka honetan, hezkuntza publikoko irakasleen ordezkarion ikuspuntua ezagutzeko interesik eza erakutsi du, eta hori biziki deitoratzen dugu".

Hezkuntzako murrizketen "iraultze erabatekoa" exijitu dute sindikatuek. "Adosten diren neurriak ezartzeko egutegiaren zehaztapena eta konpromisoak jasoko dituen ituna lortzea beharrezkoa da. Ez dugu inondik inora nahi gure esfortzua plan malgu bat bilakatzea, non administrazioak neurriok era arbitrarioan, poliki eta nahieran ezarriko dituen".

Hori azaltzeko, kanpaina informatiboa abiatuko dute datozen egunetan. Hortaz, ikastetxe, guraso elkarte, alderdi, ikasle sindikatu nahiz eragile sozialekin bilduko dira, aldarrikapenak eta helburuak gizarteratzeko xedez. Hala ere, ez diote atea itxi mobilizazioak antolatzeari: "Egoera aldatzen ez bada, geroz eta intentsitate handiagoa izanen duten mobilizazioen egutegia aurkeztuko dugu datozen egunetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.