Kanpaldia eginen du Aman Komunak sareak Larhun gainean

Tirrit, kaka zaharra : sasi proiektu honi ez! lelopean antolatu dute mobilizazioa urriaren 13 eta 14ko asteburuan. Larunbatean, solasaldiak eta ekitaldi kulturalak izanen dira; igandea, Aman Komunak sarearen batzarra egiteko baliatuko dute.

Larhun mendia. JEAN MARC DECOMPTE
2018ko urriaren 1a
17:08
Entzun

Autogestionatuak diren hainbat borroka lekuetan biltzen da Aman Komunak sarea hiru hilabetero. Gasteizko Errekaleor auzo autogestionatua eta Añorgako Firestone gune autogestionatuan egon ondotik, Larhun kaskoa hautatu dute haien batzarra antolatu, eta Lapurdiko mendi altuenaren gainean ezarri nahi duten proiektu turistikoa salatzeko. "Balore amankomunak elkartzen gaituzte: naturaren kaltetan den lurraren salketa politika ez dugu onartzen. Etekinen mende ez den jendarte autogestionatu batean bizi nahi dugu. Hesien ordez zubiak eraikitzen dituen elkartasunezko mundu batean bizi nahi dugu", adierazi dute asteburu honetan, Donibane Lohitzuneko turismo bulego aitzinean egin duten elkarretaratzean.

Asteburu honetarako topaketarako Larhun gaina hautatu izana ez da kasualitatea. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidentea den Jean Jacque Lasserrek bultzatzen duen "ultra-turismoaren proiektuaren kontra" altzatu nahi du Aman Komunak sareak, tokiko elkarteak jadanik egiten ari diren lanari elkartasuna erakusteko. "Datozen belaunaldiek biziko dituzten klima aldaketen aitzinean, ausardiaz erran dezagun Tirrit kaka zaharra: sasi proiektu honi ez!", adierazi dute.

Urriaren 13an, 14:00etan eman dute hitzordua Larhun gainean bazkaltzera joateko, eta atsaldean zehar, Larhun inguruko eta beste borroka lekuei buruzko solasaldiak eta eztabaidak izanen dira; gauean, musika akustikoa, eta kultura espresio desberdinak ikusteko eta entzuteko parada izanen da. Momentuko, biz informazio-eztabaida lotu dituzte: Zubietako errauskailuari buruzko Gipuzkoa Zutik taldearen eskutik, eta Larhunen egin nahi duten proiektuari buruzkoa Larhun Ez Hunki-ren eskutik. Okzitaniako Tolosako La mésange do ré antzerki taldea ere presente izanen da.

Parte hartzaile aktiboak

Parte hartu nahi dutenei ohar zenbait ere helarazi dizkie Aman Komunak sareak. Hala, parte hartzaile bakoitzari zakar poltsa batekin joateko eskatu diote, eta gibelerakoan jautsi dezala. Parte hartzaile bakoitzaren esku izanen da ere, otorduetan jateko plater, basoberri, koilara, sarda eta labana eramatea, baita izarpean lo egiteko materiala ere. Eta ingurukoekin partekatzeko janari eta edanak ekartzeko ere aholkatu dute. Larunbat gaueko eta igandeko eguerdiko otordua jantegi herrikoiak hartuko ditu beregain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.