Atzo hasi eta asteazkenera arte dozenaka herritar kalean geratu diren migratzaileekin batera bildu dira Bilboko Areatzan. 72 ordu Bilbotik Baionara ekimenaren bitartez, harrera auzoetako kideek elkartasuna adierazi nahi diete kale gorrian geratu diren migratzaileei. Ekimena hasi eta ordu gutxira, ordea, udaltzaingoa joan zaie bart gauean, eta kanpin dendak kendu zizkien. Gaueko ekintza bertan behera utzi behar izan duten arren, harrera auzoetako kideek azaldu dute elkarretaratzeari eutsi egingo diotela.
Kanpin dendak salaketaren elementu "sinboliko" garrantzitsua direla adierazi dute, eta "paradoxa" bat salatu: “Zubi azpian zauden bitartean ez dago arazorik, baina kanpin denda bat jarriz ez gero, bai”.
Ekainean hasi ziren Euskal Herriko hainbat herritan harrera auzoak antolatzen. Bilbon, Irunen, Donostian eta Baionan, besteak beste. Atzo, ordea, “arreta integralaren esperientzia” bukatutzat eman zuten, fase deszentralizatuari hasiera emanez. 60 bat migratzaile Bizkaiko hainbat herritara bideratu dituzte: Galdamesera, Arrigorriagara, Bakiora, Gernika-Lumora... Oñatin zabaldutako zentrora joan dira beste 40 bat migratzaile. Hala ere, badira kale gorrian daude batzuk oraindik. Horien egoerarekin bat eginez, eta administrazioen “utzikeria eta ardura falta” salatzeko asmoz jarri zuten martxan elkarretaratzea bart instituzioen aurrean.
Asteazkenean bukatuko da Bilboko protesta ekimena. Pobreziaren aurkako nazioarteko egunaren harira antolatutako manifestazioarekin bat egingo dute.11:15ean hasiko da Bilboko Plaza Eliptikoan. Asteazkenean bertan, Baionan, elkarretaratzea egingo dute herriko etxearen aurrean, migratzaileentzat harrera integrala eskatzeko.