"Ez dago kanpo eragilerik ezker abertzalearenedo Batasunaren ildoa aldaraziko duenik. Are gutxiago errepresioaren bitartez; are gutxiago jarduerajudizial eta polizialaren bitartez”, esan du Permachek, Otegiren espetxeratzea "bake nahiari ateak ixteko" urratstzat jo arren,Batasunak gatazka gainditzeko prozesua bultzatzen jarraituko duela adierazteko.
Batasunaren Mahai Nazionala goizeko bederatzi eta erdietan batzartu da, eta eguerdi partean, Otegiren kartzelaratzearen inguruan egin duten balorazioaren berri eman du Permachek kazetarien aurrean.
Indar politiko horrek argi du erabakia Espainiako Auzitegi Nazionalarena izan arren, benetako arduradunak PSOE eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea direla. Ildo horretatik, Zapaterok zein Espainiako sozialistek Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea ukatu nahi diotela nabarmendu du Permachek. Hala ere, azpimarratu du Euskal Herrian badela borondate eta gogo nahikorik jarrera hori aldarazteko, eta horretarako, herri presioa ezinbestekoa dela esan du. "Guk uste dugu hori lortzeko herri presioa ezinbestekoa dela; ezinbestekoa dela horren aldeko indarrak biltzea eta metatzea, eta uste dugu goiz edo berandu Zapateroren Gobernua, Espainiako Gobernua, behartuko dugula herri honen borondatea eta herri honen bake eta konponbide nahia errespetatzera", adierazi du.
Hori dela eta, hainbat protesta ekitaldi antolatu ditu Batasunak, eta haietan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Gaur, iluntzeko zortzietan, elkarretaratzeak egingo dira herri askotan, sozialisten egoitzen atarietan. Bihar, berriz, 19:00etan egingo dute elkarretaratzea, Bilbon, PSE-ren egoitza nagusiaren aurrean.
400.000 euroko bermea ordaintzeko saioa
Permachek jakinarazi du Batasunak ez duela Otegiri ezarritako 400.000 euroko bermea ordaintzeko adina baliabiderik. Hala ere, familia bankuen abalen bidez diru hori biltzeko saioa egiten ari dela zehaztu du, eta bihar edo etzi Batasunaren bozeramailea aske izatea espero dutela.
Bitartean, Otegik Soto del Realgo espetxean igaro du gaua, eta han jarraitzen du. Espainiako albiste agentziek zabaldu dutenez, harrera moduloan pasa du gaua, beste preso batzuekin partekatutako ziegan. Gaur, ordea, bakartze modulora eraman dute, "segurtasun arrazoiengatik".
Baldintza gabe espetxeratzeko eskatu zuen fiskalak
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak Batasuna auzia-ren baitan deklarazioa hartu ondoren erabaki zuen 400.000 euroko bermea ordaindu arte Otegi kartzelan sartzea. Erabakia hartzeak luze jo zuen: 22:45 aldera hasi zen bista. Fiskalak baldilntza gabeko espetxeratzea eskatu zuen, eta AVTko akusazio partikularrak, berriz,300.000 euroko bermea ezartzeko. Tarteko erabakia hartu zuen, azkenean, Jone Goirizelaia abokatuak "eskandalutzat" jo zuen epailearen erabakia.
Baldintzarik gabeko espetxeratzea eskatzeko fiskalak argudiatu zuen,"egitura terroristan gidari postua duen pertsona bat" dela Otegi. Goirizelaiaren iritzian, esanguratsua da fiskalak zigor hori eskatzea. "PSOEren gobernuak, Fiskaltzaren bitartez Otegi espetxeratu nahi du", salatu zuen atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaletik atera zenean. Gainera, espetxeratze hori "bake proposamen bat mahai gainean dagoenean" egitea salatu zuen.
Nolanahi ere, epailearen erabakia "eskandalu politikoa eta juridikoa" dela esan zuen Goirizelaiak, epaileak "ez daukalako inolako argudio juridikorik". Gainera, epaileak ihes egiteko arriskua jarri du Otegi espetxeratzeko arrazoitzat, eta hori "pentsaezina" dela esan du, "egunero bizitza politikoa egiten ari den pertsona batengan".
Otegik ukatu egin zuen ETArekin zerikusirik duela
Grande-Marlaska epailearen aurrean egindako deklarazioan Otegik ukatu egin zuen ETAko kide dela eta erakunde horrekin zerikusirik duela. Gainera, Batasunan ardura politikoak dituela nabarmendu zuen, eta, ondorioz, ez zeukala finantziazioari buruzko argibiderik. Era berean, biktima guztienganako errespetua agertu zuen epailearen aurreko agerraldian.
'BAtasuna Auzia' / Otegiren espetxeratzea
"Kanpo eragileek" ez dutela beren bake borondatea aldaraziko adierazi du Batasunak
Batasuneko Mahai Nazionala goizeko bederatzi eta erdietan batzartu da beren bozeramaile Arnaldo Otegiren espetxeratzea aztertzeko. Batasunaren iduriko, "eraso larria" da Otegi kartzelan sartzea; areago, euskal herritarren bake nahiari "ateak ixteko" urratsa, eta PSOE eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuburua egin ditu horren arduradun. Hala ere, gatazka gainditzeko eta bakea lortzeko lanean jarraitzeko asmoa agertu du Batasunak Joseba Permachen bidez: "kanpoko eragileek" ez dutela ildo hori aldaraziko nabarmendu du. Bitartean, Otegi Soto del Realgo espetxeko (Madril) bakartze modulura eraman dute, "segurtasun arrazoiengatik". Permachek azaldu du bankuen abalen bidez 400.000 euroko bermea ordaintzeko saioa egiten ari dela familia, eta bihar edo etzi Otegi aske izatea espero dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu