Hazparneko (Lapurdi) Ttattola Gazte Asanbladako kideek ez dute abuztuaren 21ean okupatu zuten Davidenea eraikina uzteko asmorik. Hala jakinarazi dute gaur egin duten prentsaurrekoan. Atzo jaso zuten kanporatze agindua; gaur goizeko 10:30erako eraikina husteko zioen hark. Horren ordez, Ttattolakoek errekurtsoa jarri dute auzitegian, eta bi elkarretaratze deitu dituzte: bat gaurko, 18:30erako, eta bestea irailaren 4rako, larunbaterako.
Davidenean egoteko asmoa jakinarazi dute Ttattolakoek kanporatze agindua izanagatik ere. Auzitegian errekurtsoa jarri dute. Elkarretaratzera deitzen dute sarri 18:30ean, Hazparnen, baita irailaren 4an ere.@berriapic.twitter.com/IRIqa0SSlG
— Iparraldeko Hitza (@IEHkohitza) August 31, 2021
Hemezortzi urteko ibilbidearen ondoren, 2020ko urtarrilean gaztetxeko kideek iragarri zuten Ttattola gaztetxea itxi egingo zela, «indarrez» bota zituztelako eraikinetik. Duela egun batzuk, ordea, — abuztuaren 21ean, zehazki— gaztetxeko kideek jakinarazi zuten beste eraikin bat okupatu zutela: «Hazparneko gazteok, urte bat eta erdi gaztetxerik gabe pasatu eta gero, etxe bat okupatzea deliberatu dugu». Sareetan zabaldutako mezu baten bidez eman zuten atzo kaleratze aginduaren berri, eta dei egin zuten elkarretaratzeetan babes ematera.
Beste eraikina hartu zutenean Ttattolako kideek BERRIAri azaldu ziotenez, urte eta erdi horretan batzarrak egiten aritu ziren, eta, azkenean, herriko kale nagusiko eraikin batean sartzea erabaki zuten. «Ekintza kulturalak egiteko, herria dinamizatzeko eta jendea elkartzeko gune bat izatea nahi dugu. Hau da, gaztetxe rol bat betetzea», esan zuten. Gaur berretsi dute hori. Okupatu zuten eraikinak hamar urte zeramatzan hutsik: «Pisuak alokatzen dituen enpresa batena da, eta jabeak atzerrian bizi dira. Azken hamar urteotan ez du inork baliatu eraikina».
Hazparne aldearen dinamizatzeko borondatetik egin okupazioa dela aldarrikatu dute. @berriapic.twitter.com/4TVoOYQl4z
— Iparraldeko Hitza (@IEHkohitza) August 31, 2021