Martxoan iraganen diren kantonaletako hauteskundeei begira alderdien barnean gogoetatzen, antolatzen eta batzuk zerrendaburuen aurkezten hasiak dira. Ipar Euskal Herriko 21 kantonamenduetarik hamarretan izanen dira bozketak, eta horien antolatzen hasiak dira bat eta bestea.
Batasuna, AB eta EA alderdiek EH Bai koalizioan aurkezteko hautua egin dute, eta programa gogoetatzen eta zerrendak osatzen dabiltza. Abenduaren 16an aurkeztuko dute zehazki koalizioaren ildo politikoa, eta zerrendak geroago jakinaraziko dituzte. Anartean, kantonamenduka dabiltza gogoeta bilerak egiten. Oztibarren bezala, batzuk aspaldian hasiak badira biltzen; Garazin, adibidez, aitzineko ostiralean egin zuten lehen bilera publikoa. Aste honetan, berriz, Miarritzen egin zuten atzo, gaur Bastidako herriko etxean eginen dute,20:30ean, eta bihar Hazparneko Elgar zentroan, 20:00etan, baita Atharratzeko zerbitzugunean ere, 21:00etan.
Koalizioaren alde agertu badira ere hiru alderdiak ez dira abertzale guztiak horren barnean aurkeztuko. Miarritzen, adibidez, abertzale eta independenteen artean osatu Miarritze Bestelakoa zerrendan presentatuko dira batzuk, herriko etxean euskara arloko axuant Maialen Etxeberri zerrendaburu ukanen dutela.
Hautagai batzuk aurkezturik
Hautagaiburuak hautatuak dituzte batzuek. Hala nola eskuineko UMPk larunbatean aurkeztu zituen Biarnon bere zerrendaburuak. Ipar Euskal Herriko sei kantonamendutan aurkeztuko da, gaur egun kontseilari diren Jean Castaings Bastidan eta Max Brisson Miarritze mendebaldean, baita ere Claude Olive Angelu iparraldean, Christine Lauque Baiona ekialdean, Bernard Pocq Baiona iparraldean eta Jean-Pierre Eyharts Donibane Garazin.
Sozialistak denetan presente izanen dira, eta abenduaren 3an aurkeztu zituzten zerrendaburuak. Gehiengoa eskuinak duen Pirinio Atlantikoetako departamendua ezkerrera pasatzeko «aukera historikoa» badela azaldu zuten orduan.
Zentristen inguruko Forces 64 hautagaitzak gaur aurkeztu behar ditu zerrendak; Berdeek eta beste eragile batzuek osatu Europe Ecologiek, abenduaren 20an. PCF komunistek eta Ezkerreko Alderdiak osatu Ezkerreko Frentea ere zerrenden plazaratzen hasi zen azaro hastapenean.
Gaur egun, eztabaidak daude alderdi bakoitzaren barnean, eta hauteskunde hauen panorama ez da argi oraino.
Baiona ekialdean, iparraldean eta mendebaldean, Miarritze mendebaldean, Angelu iparraldean, Hazparnen, Bastidan, Donibane Garazin, Atharratzen eta Iholdiko kantonamenduetan iraganen dira bozketak.
Kantonaletako zerrendak osatzen ari dira hautagaiak
Bozketak prestatzeko bilerak antolatuak ditu EH Baik; beste alderdi batzuk zerrendaburuak aurkezten hasiak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu