Ustekaberik ezean, Iholdiko kantonamenduko Jean-Louis Caset, Atharratzeko Michel Arhanzet eta Miarritze mendebaldeko Max Brisson lehen itzulitik nagusituko lirateke. Baina abstentzioa handia bada, gehiengo absolutua lortzeko boz batzuk eskas dakizkieke. Dena den, begiak ez dira kantonamendu horietara begira egonen.Arreta handiagoa piztuko dute Garazi eta Hazparneko kantonamenduek. Hazparnen, orain arte Jacques Coumet beti lehen itzulitik nagusitu da. Aurten ere gauza bera gerta daiteke, baina parean dituen lehiakideen helburua kantonamendu horretan bigarren itzulia eragitea da. Beñat Intxauspe eta Xabi Larre Coumeten bozen bila abiatuko dira. Nahiko boz kentzen badiote, bigarren itzulia gerta liteke. Eta orduan, Coumeten aurkako guztiek bat egiten badute, arras eskuinekoa den eta euskalgintzaren arerio fama duen kontseilari nagusia kargutik botatzeko aukera egon liteke.
Garazin, Michel Intxauspe eta gero nor?
Garazin, Michel Intxasperik gabeko lehen kantonamendu bozak iraganen dira azken berrogei urteetan. Frantxoa Maitiak aspaldiko ametsa betetzeko aukera ikusten du. Ziur da hautesleek bi lehenetan ezarriko dutela. Hori lortuz, Intxausperen ordezkotzat jotzen den Alfontxo Iriart Donibane Garaziko auzapezaren kontra lehiatuko litzateke.
Haatik, bigarren itzulirako txartelaren bila abiatuko den bertzerik ere bada. Peio Iralur ABko hautagaiak ere esperantza horiek dauzka. Duela sei urte alde txikia atera zion Maitiak Iralurri. Eta duela hamabi urte Koxe Larre abertzalea bigarren heldu zen, Maitiaren aurretik. Alde batetik Intxauspe ez aurkeztea eta, bertzetik, duela sei urteko Jean-Pierre Goiti zentrista euskaltzalea ere etxean gelditu izana, boz berri batzuen iturri izan daitezke Iralurrentzat.Ahulezia bat ere badauka hautagai abertzaleak: abertzaleen zatiketaren ondorioa. Ez da dudarik boz abertzale batzuk Arantxa Oxandabaratz Garazi Aitzina plataformako eta Batasunak sostengatzen duen hautagaiari joanen zaizkiola. Baliteke hori nahikoa izatea Iralur hirugarren postuan gelditzeko.Baiona Iparraldean aldaketa gerta liteke. Maurice Garcia kontseilari nagusi komunistak lehen itzulitik gal lezake kargua, baldin eta Christophe Martin sozialistak boz gehiago lortzen balu. Duela sei urte arras alde murritza izan zen bien artean. Sozialisten bozei esker lortu zuen hauteskundeen irabaztea. Historikoki kantonamendu komunista izan bada ere, Garciak sozialista gaztea lehiakide sendoa izan dezake.Kantonamendu horretako bertze zalantza bigarren itzulian dago. Ezkerretik edozein sailkaturik ere, duela sei urte galdu zuen aulkia berreskuratzeko irrikan dagoen Christian Millet Barbe UMPkoari aurre egin behar izanen dio.Jean Espilondok arrisku gehiago dauka, menturaz, aulkiaren galtzeko. Angelu Iparraldean, Baiona Iparraldean baino eskuineko gehiago dago. Duela sei urte, kantonamendua eskuinetik ezkerrera iragan zen. Aurten aldaketa bertze aldera gerta daiteke. Baina Robert Villenave Angeluko auzapezak badauka aurkaria eskuinean eta bigarren itzulian garaile ateratzea traba diezaioke.
Abertzaleen zatiketa
Abertzaleak zatiturik aurkeztuko dira kantonamendu hauteskunde hauetan. ABren baitako zatiketaren ondorioak neurtuko dira. Tendentzia bakoitzak jendartean daukan sostengua neurtuko du. Garazi, Hazparne, Bastida eta Iholdiko kantonamenduak dira boz abertzale gehien dutenak. Atharratze, Angelu eta Miarritzen hautagai abertzale bakarra izanen da. Baiona izanen da hiri zailena.
-
EMAITZAK
Gaur, emaitzak, 'Berria'-ren webgunean
Berriako webguneko edizio jarraituak Ipar Euskal Herriko hauteskundeen emaitzak emanen ditu gaur arratsean. Hautes-bulegoak arratseko 19:00etan itxiko dira eta handik denbora gutxira hasiko dira lehen emaitzak iristen. Emaitzak iritsi ahala, www.berria.info webgunean ikusi ahalizanen dira. Kantonamenduetako emaitzak herriz herri emanen dira, jakin ahala eta emaitza guztiak lortu arte.Horrez gain, edizio jarraituko albisteak ere emanen dira, erregionalentzat eta kantonalentzat. Kantonamendu bakoitzean nork irabazi duen, nork lortu duen bigarren itzulirako txartela eta abar jakinaraziko da. Erreakzioak ere emanen dira.