ABk urteko Biltzar Nagusia egingo du bihar Uztaritzen (Lapurdi) eta martxoan egingo diren kantonamenduetako hauteskundeetarako jarrera ebatzi beharko du, bertze hainbat gairen artean. Sakoneko eragina ukan dezakeen erabakia izanen da. Hiru proposamen aurkeztu dira eztabaidarako, Batasuna eta EArekin EH Bai koalizioa osatzea, AB bakarrik aurkeztea edo polo abertzale-berdea sortzea.
Hurbiltasuna da kantonamenduetako hauteskundeen ezaugarri nagusia eta horietan abertzaleek emaitza onak lortzen dituzte historikoki. 2008ko kantonamenduetako bozetan emaitza azpimarragarriak lortu zituzten eta hautu hori berrestea proposatzen duten kideek abertzaleen arteko elkarlana hobesten dute. Arrakasta hura lagun, abertzaleentzako zailak izaten diren kantonamenduetan eragitea lortu nahidute, hala nola Baiona, Angelu eta Miarritze eskualdean.
Gainera, Euskal Herri osoan fase berri bat irekitzeko aukera dagoela nabarmentzen dute mozio horren bultzatzaileek. Abertzaleen arteko elkarlana fase hori indartzeko tresna egokia litzatekeela uste dute.
Bigarren proposamenak polo abertzale-berdea osatzea proposatzen du. Europako hauteskundeetan ABk Berdeekin bat egin zuten Europe Ecologieren barruan. Orduko emaitzak ontzat emanik, emaitza horiek tokiko hauteskundeetan lortzea litzateke helburua. Ildo hori bultzatzen dutenen arabera, abertzaleek zailtasun handiak dituzte hauteskundeetan gora egiteko. Mezua hauteskunde sisteman itotzen da, eta abertzaleen boza entzun ahal izateko, beharrezkoa da bertze alderdi batzuekin bat egitea, alternatiba erreala eraiki ahal izateko.
Ildo hori hobesten dutenen arabera, AB eta Berdeez gain, EA eta Batasuna ere bil litezke ildo horretan. Hastapen batean Batasunarekin harremanik ez zeukatela eta ez zutela ukanen adierazi zuen Jean Lissar Berdeen izenean. Azken egunetan, ordea, aukera hori aztertzeko prest dagoela jakinarazi diote Berdeek ABri.
EA eta Batasuna EHBain
Dagoeneko EAk EH Bai hobesten duela erran du. Batasunak erabaki bera hartu du. EHA plataformak ere, iritzi hori hobetsi du, eta ABk EH Bai-rekin bat ez egitea deliberatuko balu, kantonamendu guztietan hautagai abertzale eta ezkertiarrak egonen direla jakinarazi du EHAk.
AB bakarrik aurkeztea da hirugarren aukera. Hautu hori sostengatzen dutenen arabera, egoera politikoa nahasirik dago, eta, ABren barne koherentziari begira, alderdiaren ildoa argi agertzea hobesten dute, erreferentzialtasuna berreskuratzeko.
Peio Etxeberri Aintzart ABko eledunak esan du erabakia Biltzar Nagusiaren esku dagoela eta ez dela deus ebatziko ordura arte.
Kantonamenduetako bozetarako jarrera ebatziko du bihar ABk
EH Bai koalizioa osatzea, Europe Eocologirekin joatea edo bakarrik aurkeztea dira dituen aukerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu