Hasi dira Baionako bestak, eta baita alai hasi ere: kantuan. Baionan Kantuz taldeak eman baitie hasiera Lapurdiko hiriburua bortz egunez hartuko duten ospakizunei. Nolabaiteko aitortza, urte guztian hiria alaitzen ibiltzen baitira euskal kantuak ahoratuz, karrikaz karrika. Eta Baionako bestetarako atera ohi duten Kantaleon liburuxkak ere hogei urteak beteak baititu aurten.
Euskarazko herri kantak biltzen ditu liburuxka horrek, eta horiexek kantatu zituzten atzo gauean herriko etxeko balkoiaren azpian, bestak hasi baino lehen. Giltzak, berriz, Aviron Bayonnais errugbi talde baioneseko bi errugbilarik bota zituzten.
Gillen Hiribarren Itsasuko bertsolariak bota zuen besten hasierako bertsoa. Urtero ematen diote bertsolari bati balkoira igotzeko aukera, baina aurten modu berezian egin dute. Hain justu, gaia jarrita kantatu behar izan zuen atzo bertsoa, eta ez librean. «Aupa Leon eta aupa Baiona» izan zen egokitu zitzaion gaia. BERRIAri aurretik aitortu zionez, bere ustez ez da oso egokia gaia ematearena, baina Baionan Kantuz-ekoekin elkarlanean aritzeko modu gisara eskaini zioten. Bada nolabaiteko ohorea ere hor kantatzea, nahiz ez beti erosoa izan: «Gaia emanik kantatzea bitxia da pixka bat, baina ea zer egiten dudan. Ohorea ez dakit, baina esperientzia berri bat izanen da». Besta egiteko bertzelako moduei bota zizkien punturik gehienak. Adibidez: «Pakito eta zezenketez gain, badik bestak zerbait ona».
Kantuz eta bertsotan hasi dira Baionako bestak, beraz. Eta, ondorioz, euskaraz. Baina nolanahi ere, besten hastapeneko ekitaldikoa keinu soil gisa ikusi izan dute urterik urte bertan parte hartu izan duten bertsolariek eta herriko eragileek. Izan ere, ekitaldi hortaz gain, apenas dagoen euskarazko hitzik bestetako seinale edota esku orrietan. Egitaraua idatzita dagoen paperean, erraterako, guzia dago frantsesez. Soilik albo batean irakur daiteke euskarazko zer edo zer.
Karrikaldia da egitarauari euskal ukitua ematen dion puntuetako bat, hori ere Baionan Kantuz-ekoek eta ikastoletako gurasoek elkarrekin sorturikoa, euskara eta euskal kultura bultzatu asmoz. Bihar honako proposamen hau eskainiko dute Karrikaldiaren egitarauan: Leinua Ttiki taldearen dantzak, Mattin Lerissa eta Xan Idiarten kontzertua, Leinua taldearekin Dantzazazpi dantzaldia, Angeluko Ibaialdekokoro abesbatza eta Karrikadantza Yan Cozianekin.
Hasi orduko lehen eraso sexista
Herriko etxeko balkoiaren azpian, berriz, ezinegona zen nagusi. Arratsaldeko zortzietarako mukuru beterik zegoen herriko etxe aitzinean den Askatasunaren plaza. Ez, haatik, askatasun handiz. Izan ere, bestazale batzuk biziki mozkor ziren jada bestak hasterako, eta bertze batzuk, berriz, jarrera erasokorrean. Baionako besten berri zuzenean ematen ari zen telebistako emakumezko kazetari bati eraso sexista egin zioten, gainera. Horren ondorioz, ezin izan zuen lana baldintza egokietan bururatu. Ez da gertatzen zaion lehenbiziko aldia, salatu duenez.
Txosnetan, ezberdin
Patxa plazako txosnagunean lehenago eman zieten hasiera bestei, eta bertze modu batera. Arratsaldeko zazpiak aldera ireki zituzten bi txosnak: pentsatu baino beranduago, baina trikitia eta suziriak lagun. Hiriko gazteen proiektua zabaltzeko parada hartu zuten txosnak irekitzearekin, halaber. Izan ere, txosnak ez dituzte bestarako leku soil gisara ikusten, laster irekiko duten gaztetxearen ispilu modura baizik.
Duela gutxi jakinarazi dute Baionan gaztetxea irekiko dutela, gainera. 2008an hasi ziren aldarrikapenarekin, eta urteetako borrokaren ondotik, herriko etxearekin akordioa lortu dute Gazte Asanbladako kideek. Hartara, San Izpiritu auzoko Lesseps kaian 150 metro koadro inguruko lokala utziko die udalak. Elkarte gisara ariko dira han. Oraindik obrak egin behar dituzte gaztetxe berrian, halere, lekua moldatzeko. Eta Baionako bestetan ezinen dute gaztetxea ireki. Dena den, txosnagunea erabili nahi dute urte guzian zehar gaztetxean garatu nahiko lituzketen balioak eta proiektuak gauzatzeko. Baionako bestetako eredua ere irauli nahi dute, Unai Arkauz Gazte Asanbladako kideak hitzartzean erran zuenez: «Baionako bestak ez dira kanpotik etorritakoek nahi duten guzia eta zernahi egiteko lekua. Guk herriko bestak nahi ditugu, baionarrek baionarrentzat pentsatutakoak!».
Patxa plazan ez da faltako errespetu eta besta girorik igandera arte, beraz. Han eginen dituzte larunbatean gazte eguneko bazkaria eta igandean preso eta iheslarien aldekoa ere. Gaur, berriz, bertso poteoa eginen dute, Eneritz Zabaleta eta Aitor Servier bertsolariekin, eta arratsaldean Xutik elektrotxarangak alaituko ditu karrikak.