Koldo Izagirreren hitzak hartu, eta abestia konposatu du Muguruzak. Baina haren ahotsa ez da kantuan entzuten den bakarra. Musikariak berak Donostian atzo eginiko aurkezpenean azaldu zuenez, «abesti kolektiboa» da Milakabilaka ekimenarena. Hegoafrikako egoera munduari azaltzeko premiaz Special Haka kolektiboak bere garaian eginiko Free Nelson Mandela kantua bezala, atzo aurkeztutakoa ere premia batetik jaio zela azaldu zuen Muguruzak, kantuak dioen bezala, «premia batek 0ziztaka». Urte hasieran, «premiazko zerbait» egiteko beharra ikusi, eta Milakabilaka martxan jarri zelarik, kantu batez janztea bururatu zitzaion. «Ikusten genuen bake prozesua ezin genuela hala puskatutzat eman, bultzada eman behar geniola».
Horiek horrela, hainbat musikarirekin harremanetan jarri zen Fermin Muguruza, sortutako abestia guztiekin osatzeko. Eta euren laguntza biltzeko haiengana jotzerakoan, «oso gauza sinpleak» esan zizkiela azaldu zuen; «bortizkeriarik gabeko jokalekua, elkarrizketa, errespetua, bakea...». Musikariok ekimen askotan parte hartutakoak direla azaldu zuen, baina lehen aldia dela elkarrekin halako kantu bat osatzen dutena. Garrantzitsutzat jo zuen kantua hala osatu izana, «guztiok ikusi genuelako benetan egoerak eskatzen duela, premiazkoa zela».
Baiezkoa eman ziotenen artean daude Manu Chao, Ojos de Brujo taldeko Marina, Zebda-ko Mouss eta Hakim, Gambeat, Yacine Cheb Balowski, Rude, Miriam Matahary, Leire Etxeandia, Radio Bembako David Bourguiñon, Gerard Cassasus, Chalart 58 tinbalada, Arecio Smith, Jon Elizalde eta Zigor DZ.
Asko bidaiatu duen kantua da, halaber, Milakabilakarena. Izan ere, Irunen jaio, eta Paris, Bartzelona zein Frantziako Tolosa hirietako hainbat musika estudiotan ibili da hara eta hona, herenegun gauean Azkaraten amaitu arte. Horregatik dio Muguruzak, kantua kolektiboa dela.
«ZAPATERO: ENTZUN MANU CHAO». Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori ere zuzendu zitzaion Muguruza atzoko agerraldian. Azken aldian bake prozesuari buruz jarduterakoan, gobernuburuak hainbat auzi «aurpegiratzeko edo» PPko gobernu garaiko ordezkarien esaldiak baliatu izan dituela gogora ekarri zuen. «Bada, nik ere joko horretan sartu nahi dut eta Zapaterori gogoratu nahi diot, oposizioan zela, berak Aznarri esandako gauza bat». izan ere, eta ez behin bakarrik, Zapaterok Aznarri gomendatu zion Manu Chao entzun zezala, zehazki, Proxima estacion, Esperanza (Hurrengo geltokia, Itxaropena) abestia. «Bada, nik gaur eta hemen esango diot, Zapatero, zuk Manu Chao entzun beharko zenuke», esan zion, Milakabilakaren kantuan Chaok parte hartu duela, eta gaurko martxaren abestia entzuteko eskatu zion gobernuburuari. Bilboko kaleetan, bederen, ozen entzungo da.
Guggenheimetik udaletxeko zubira
Hasieran, Areatzako zubitik abiatu eta Guggenheimerako bidea egitekoa zen gaurko manifestazioa. Baina, Udalak herenegun jakinarazitako debekuaren ondotik, ibilbidea kontrako norabidean egitea erabaki dute bultzatzaileek. Castillo Suarezek azaldu zuenez, Guggenheimetik Uribitarterako ibilbidea egingo du, udaletxeko zubi alboan bukatzeko.
Idazlearen hitzetan, Udalak azaldu die Guggenheimekin konpromisoa duela eta ezin direla halako ekimenak egin museo inguruan. Erabakia arbuiatu zuten deitzaileek, eta ez dutela ulertzen gaineratu. Hala, herritarrei 17:00etan museo ingurutik abiatzeko deia egin zieten.
Martin Aranburuk azaldu zuen jarraipena izango duen dinamikaren ekimen bat dela gaurko martxa, Milakabilakaren helburua «elkarrizketa, Euskal Herriarekiko errespetua eta bakearen alde herri bat mugitzea» dela gogoratzearekin batera. «Gure xedea da prozesuaren aldeko babes soziala eratzea, herritarren harresi bat aurreikusi bezala zailtasun uneak izaten ari den eta oraindik ere sinisten dugun prozesuari laguntzeko». Izan ere, prozesuan aurrera egiteko baldintzak badaudela esan zuen, eta hartarako herritarren partaidetza giltzarritzat jo zuen. Halaber, prozesutik at inor ez geratzeko modua da herritarren ekimena, Aranbururen ustez.
Joana Reguieiroren hitzetan, ekimenak «ezinbesteko elementuak» jasotzen ditu prozesua laguntzeko. «Errespetua besterik ez dugu eskatzen, Euskal Herriari, euskal herritarren eskubideei eta herritarrok erabakitzen dugunari». Bakea lortzeko bidea «ezinbestean guztion arteko elkarrizketa» dela berretsi zuen.
Prozesua herritarra izatea funtsezkotzat jo, eta Bilborako deia egin du Permachek
a. sarasola
Donostia
Egoera politiko «zailean» da Euskal Herria, Joseba Permachen hitzetan. Horregatik, oso baikortzat jo zuen Batasunekoak Milakabilakako kideek manifestazioan parte hartzera dei eginez herritarrei eginiko eskaintza. Ekimenetik alderdiei alderdi gisa deialdirik ez egiteko eskatu zaiela gogoratu, eta, herritar gisa egin zien Bilborako deia herritar guztiei, atzo eginiko agerraldian. Izan ere, «funtsezkotzat» jo zuen gizartearen parte hartzea eta prozesua herritarra izatea.
Zabaldutakoa ezin duela «negoziazio prozesu hutsa» izan, eta ezin duela solik alderdien esku geratu iritzi zion Permachek. Horregatik, oso garrantzitsutzat jo zuen gaurko martxa, herritarrei prozesuan parte hartzeko aukera ematen dielako, eta baita «norabide zuzen batean» bultzatzeko. Haren hitzetan, konponbidea eta bakea iritsiko badira, «Euskal Herria, bere hitza eta erabakia errespetatzetik» izango da, eta hartarako bidea elkarrizketa dela berretsi zuen.
EA-K ERE ATXIKIMENDUA.EAk ohar bidez babesa agertu zion atzo manifestazioari, elkarrizketa eta eskubide guztien errespetuaren aldeko gizarte ekimenak beti sustatuko dituela gehituta. Aralarreko kideak ere izango dira Bilbon.
Gazte Abertzaleak-ek Bilborako deia egin die gazteei. Politika egiteko beste molde bat erakusten duelakoan, EAE-ANVk «oso interesgarritzat» jo du protagonismoa herritarrei ematea, eta Bilboko kaleak jendez betetzea espero du. Baita Itsasoruntz ekimenak ere, eta martxan parte hartuz, herritarren olatua harrotzera deitu du.