«Kapitalismo berdeak ez du konponbiderik eskaintzen, arazo gehiago eragiten ditu»

Attac elkarteko zientzia batzordeko presidenteordea eta Tolosako (Frantzia) unibertsitateko ekonomia irakaslea da Azam. Gizarte eta ingurumen krisialdiei erantzuteko aukerak jorratu ditu Baionan.

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Bizi mugimenduaren eskutik jin da Baionara Genevieve Azam. Bihar klima aldaketaren kontra nazioartean antolatu dituzten ekimenen karietara mintzaldia egin zuen ostiralean Baionan.Aurten bertan CO2 isurketak %10 apaltzea eskatzen dute antolatzaileek. Hori aldarrikatzeko, herrixka hautazkoa antolatu dute Baiona Ttipian. Eguraldi txarra iragarri dutenez, aterpean iraganen dira ekimen gehienak.

Larrialdia eta krisialdia dira azken aldian gehien erabiltzen diren hitzak, izan dadila ingurumen, gizarte edo ekonomia arloetan. Larrialdiari buru egiterik badago, ereduak aldatu gabe?

Elkarri gehitu eta metatzen diren krisialdiei aurre egin behar diegu. Krisialdi geo-politikoa gehitzen zaie gizarte, ekonomia eta ingurumen krisialdiei. Krisialdi orokorrari aurre egin behar diogu, alegia. Ezin da larrialdi ekologikoa gainditu, gaineratekoak gainditzen ez badira. Aterabideak egon badaude, baina ere guztiak aldatzea dakar, arlo guztietan. Eredu guztien krisialdia da, eta gizartea inarrosten du, mundu zabalean eta maila guztietan. Ez gara bat-batean aterako egoera honetatik. Aukerak badaude, baina horiek osatu eta indarrean jartzeko denbora beharko da. Larrialdia gainditzeko, urratsak egin behar dira, oraingo ereduak aldatu behar direla jabetuz eta onartuz.

Beste hautabide edo proposamen zehatzik badago?

Aldatu beharra dagoela diogu, baina aldaketa hori nola egin behar den azaldu beharra dago, proposamenak eginez. Lokalizazioa eta moldaketa suspertzea dira proposamen horiek. Aldaketa nagusi bat prestatzen duten tresnak dira. Merkatuaren krisialdia orokorra da, mundu osokoa. Globalizazioari aurre egiteko, tokiko jakintzen eta berezitasunen bermea eraiki behar dugu, hurbileko ekoizpena eta kontsumoa bultzatu, kooperatiben eredua indartu. Globalizazioak tokiko aberastasunak hartu eta gutxi batzuen eskutan jartzen ditu, eta gehiengoa galtzaile da. Tokian berean dituen eraginak begi bistakoak dira. Erretreta sistemen erreforma, zerbitzu publikoen suntsiketa, eskubideen murrizketa, lurrak kutsatzea, uraren jabetza sortzea, elikadura urri bihurtzea.

Lokalizazioa aipatzen dugularik, zera erran nahi dugu: herritarrek ekoitzitako guztiaren kontrola ukan behar dutela, hurbileko zaintza. Moldaketaren beharra aipatzen dugularik, berriz, norabide horretan abiatzea diogu. Hor daude energia berriztagarriak eta nekazaritza biologikoa, esaterako.

Eredu aldaketa gatazkarik sortu gabe egin daiteke?

Oraingo ereduarekin zuzenean goaz gatazkara. Azken urteotan hazkuntza jarraikia bizi izan da. Aberastasunak ugaldu direla diote, baina ez guztion kasuan. Batzuk aberatsagoak bihurtzeko, jende ugari pobreagoa bihurtu dute. Hiruzpalau mundu beharko genituzke eredu hori mantentzeko, baina bakarra dugu. 2050. urtean bederatzi mila milioi pertsona izanen dira. Mundu bakarra izanez, bertako aberastasunak partekatu beharko dira. Gatazkak ekiditeko bide bakarra dago: eskubideak errespetatzea eta elkartasunean oinarritzea. Ura, janaria, energia, ez dira kontzeptu abstraktuak. Guztiek ongi bizitzeko eredua asmatu behar dugu.

Europak ongizate eredua bultzatu du urte luzeotan. Zuk defenditzen duzuna bertze erranari bat du?

Eredu faltsua izan da hori. Batzuk ongi bizi izan dira, baina gehiago izan dira herri aberats batean nekez bizi izan direnak. Europaren ongizate kontzeptuak, anitz edukitzea erran nahi du. Ongi izatea ezin da edukietan oinarritu. Gero eta gehiago edukitzea ezinezkoa da. Herritar xumeek badakite hori, eta, horregatik, bizi-kalitatea bertze neurgailuen arabera osatzen da, lasai bizitzea, partekatzea, denbora izatea eta abar. Mundu bat daukagu, baliabide mugatuak. Nahi edo ez, partekatzen ikasi beharko dugu.

Tokian tokiko aldaketak egin daitezke, eredu globalizatuan?

Ezinezkoa da. Finkatu duen eredutik ateratzen den guztia itotzen du globalizazioak. Tokiko ereduak gara daitezke, garatu behar dira, baina elkarren ondoan, elkarren osagai eta mundu zabalean. Gizarte sareak sortu behar dira, mundu osokoak. Tokiko arazoak konpontzeko, begirada altxatu eta munduari so egin beharko diogu, elkartasunean oinarritutako erantzuna emateko. Ikuspegi horretan funtsezkoa da tokiko ekimenak bultzatzea eta indartzea. Hori da Bizik eginen duena bihar Baionan. Tokian eragin, baina mundu osoko indarrak bilduz. Indar handia beharko dugu eredua aldatzeko, eta horiek dira egin beharreko urratsak. Hain aldaketa handia egiteko, herritarren sostengu eta engaiamendu sakona behar da.

Kapitalismo berdea posiblea dela diote batzuek. Zer uste duzu?

Dagoeneko gauzatzen ari den eredua da kapitalismo berdea. Baina ez da hautabide erreala, ez da bideragarria. Hor daude bioerregaiak. Ez dira eramangarriak. Eredu hori garatzeko, jendeek gosez hil beharko dute. Energia arazoak gainditzeko proposamena dela diote. Errealitatean, arazo bati bertze arazo handiago bat eransten dio. Kapitalismo berdeak ezin ditu gizarte krisialdiak gainditu, ezin dio energiaren arazoari ihardetsi. Aukera gisa aurkezten duten kapitalismo berde horrek ez du konponbiderik eskaintzen, arazo gehiago eragiten ditu, eta krisialdi sakonago batera garamatza. Auto elektrikoekin berdin. Gaurko auto kopurua horrela ordezkatu nahi bagenu, Frantzian EPR motako 17 zentral nuklear beharko genituzke. Eta oraindik ez dute eredu horretako bakar bat egin, garestiegia delako. Eredu horrek ez du gerorik, eta dugun errealitatera egokitu beharko dugu, nahi edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.