Jaurlaritzaren lehen eginkizun nagusia 2013ko aurrekontuak prestatzen hastea izango da, urte hau bukatzeko bi aste baizik ez direlako falta. Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasuna eta Finantzetako sailburuak izango du aurrekontuak prestatzeko ardura. Hark gaur esan du "berehala murgilduko" dea zereginean, eta aurreratu du "euskal ongizate eredua ez ukitzea eta ez aldatzea" izango dela helburua. Hau da, osasuna, hezkuntza eta zerbitzu publikoak arloak ez murrizteko asmoa dutela.
Joseba Egibar EAJren legebiltzar taldeko bozeramaileak duela astebete BERRIAn adierazi zuen "administrazioen erreforma bat beharrezkoa" dela, murrizketak izango direla eurekin ere, "baina eskubide murrizketarik ez da izango".
EAEko aldundiekin, eragile sozialekin eta Eusko Legebiltzarreko beste taldeekin harremanetan jarriko dela azaldu du Gatzagaetxebarriak, akordioak lortzeko asmoz. Legebiltzarrean 27 parlamentari ditu EAJk, 75etik.
Jaurlaritzako 67.000 langile publikoen Eguberrietako aparteko pagarekin zer egin izango da beste gai garrantzitsu bat —Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aginduz, ordainketa eten egin zuen jarduneko Jaurlaritzak lehengo astean—.
Goizeko hamaiketan hasi da gaurko kargu hartzea. Sailburuek "hitza eman" dute —ez zin egin—. Euskaraz izan da ekitaldia. Hamar bat minutu iraun du.
Han izan da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, eta taldean lan egitearen garrantzia azpimarratu du. "Euskadi hobea izan daiteke". Larunbatean hartu zuen kargua Urkulluk, Gernika-Lumon. Jaurlaritzak izango dituen aldaketen artean, nabarmentzeko bat: indarkeriaren biktimen zuzendaritza Herrizaingo Sailaren ardurapean zegoen, baina Justizia Sailak zuzenduko du aurrerantzean.
Josu Erkoreka Justizia eta Administrazio Publiko sailburuak adierazi du "zerbitzu publikoa egonkortzea" izango dela bere helburua".
Arantza Tapia Garapen Ekonomikoa eta Lehiakortasunerako sailburuak esan du bere xedea "Euskadi merezi duen maila ekonomikoan" jartzea izango dela. Krisitik ateratzeko lan guztiek egin beharko dutela gaineratu du.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak azaldu du bere asmoa Ertzaintza berriz ere "Polizia zibila eta herriarena" izatea dela.