Guardia Zibilak Karlos Apeztegia preso ohia atxilotu du eguerdian Hernanin (Gipuzkoa), Naiz.eus atariak jakinarazi duenez. Etxerat-ek herri horretan duen bulegoan egiten du lan, eta handik irtetean atzeman dute.
Poliziak senideei adierazi dienez, Auzitegi Nazionalaren aginduz atzeman dute, Lenteak operazioaren barruan. Intxaurrondoko kuartelera eraman dute aurrena, eta Madrilera eraman dute ondoren. Bihar igaroko da epailearen aurretik.
Espetxean zegoela funtzionarioen datuak ematen zituelako atzeman dute Apeztegia. Hala azaltzen da Frantziak Espainiari duela urtebete emandako txostenetan. Fiskalak esan du nahikoa zantzu badaudela atxilotuari talde armatuko kide izatearen delitua egozteko.
21 urteko espetxe zigorra bete ostean, 2013ko maiatzean askatu zuten.
Sorturen eta EH Bilduren salaketa
Apeztegiaren atxiloketa arbuiatu du Sortuk. Ohar batean, "mendeku gosez" jokatzea egotzi die Espainiako Gobernuari eta Guardia Zibilari: "Espainiako Gobernua eta Guardia Zibila tematuta daude jendeak kartzelaldia kosta ala kosta luzatzeko edo jendea berriro ere auzipetzeko."
Horretarako, "era guztietako trikimailuak" erabiltzea leporatu die: "Lehenago Parot doktrinarekin saiatu ziren, gero zigorrak ez metatzearekin; orain, berriz, mendeku gose amaiezinez, paper frantsesen kontuari heldu nahi diete. Edozein kartzelaldik ez ditu asetzen: Apeztegiaren kasuan 22 urte eman ditu kartzelan, baina ez omen da aski".
Apeztegia "lehenbailehen" aske uzteko eta "operazioak jarraipenik ez izateko" eskatu du: "PSOEren gobernuari exijitzen diogu gatazka konpontzeko enfoke politiko-judizial berria aplika dezala mendekua albo batera lagata".
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak, berriz, atxiloketa "iraganeko jazarpena" izan dela salatu du: "Guztiz gaindituta egon behar litzateke". Tolosan (Gipuzkoa) egin ditu adierazpenak Arzuagak, Lasa eta Zabalaren bahiketa eta hilketaren urteurrena gogoratzeko ekitaldian. Zenbait biktima "baztertuta" daudela salatu du legebiltzarkideak: "Horren kontra, ETAren biktimei eskaintzen diete egia, justizia, baina min gehiago ekarriz, operatibo polizial, judizial eta errepresiboak berriz ere ekarriz. Horren kontra agertu behar gara".