Espainiako Auzitegi Nazionalak hamasei urteko espetxe zigorra jarri zion Karlos Garcia andoaindarrari, lekuko babestu baten salaketa hutsean oinarrituta. Zigorrak ez duela oinarririk esan du orain Espainiako Auzitegi Gorenak, eta absolbitu egin du Garcia.
1997an Andoainen izandako kale eraso batengatik hamasei urteko zigorra jarri ziotenean desagertu zen Garcia. Ez zen haren berririk izan harik eta iaz Erroman atxilotu zuten arte. Bikotekidea eta haurra ditu, eta bizimodu normala egiten zuen.
Atxiloketarekin bi prozedura juridiko abiatu ziren, bat Italian eta bestea Espainian: batetik, haren kontrako estradizioa onartzeko tramiteak abiatu zituzten Italian. Orain, estradizio hori onartuta Espainiaratzeko zain zegoen Garcia. Bestetik, bere familiak Auzitegi Nazionalak jarritako hamasei urteko zigorrari helegitea jarri zion Espainiako Auzitegi Gorenean. Gorenak arrazoia eman dio Garciari, eta kale erasoan parte hartu zuela esateko oinarririk ez dagoela argudiatuta, absolbitu egin du. Beraz, Italiak Garcia estraditatzeko zituen arrazoiak ere bertan behera gelditu dira.