ESTATUAREN BIKTIMAK

Karlos Saldise estatu indarkeriaren biktima oroitu dute Lezon

Haren hilketaren «inpunitatea» salatu du Egiari Zor fundazioak.

Saldiseren alde gaur Lezon eginiko ekitaldia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2020ko urtarrilaren 18a
17:25
Entzun

Gaur bukatu dute, Lezon (Gipuzkoa), Karlos Saldise zenaren oroimen egitaraua, ekitaldi nagusia eta bazkaria eginda. Ostegunean 40 urte bete ziren Espainiako talde parapolizial batek Saldise hil zuenetik Lezon, tiroz, eta urteurrenerako sortutako herri batzordeak eta Egiari Zor fundazioak osatu dute egitaraua —aldizkari bat ere argitaratu dute—.

Ekitaldia 12:30ean egin dute herriko Karlos Saldise plazan, eta, bertan, Ane Muguruza Egiari Zor fundazioko buruak salatu du hilketa hori zigorrik gabe geratu zela eta ez zutela «ikerketa ofizialik» egin. Ainhoa Intxaurrandieta EH Bilduko zinegotziak, berriz, «justizia eta erreparazioa» eskatu ditu.

Saldise etxeko atarian hil zuten, 1980ko urtarrilaren 16an, 33 urte zituela, eta Espainiako Estatuak artxibatu egin zuen kasua handik hamar astera. Madrilek inoiz ez dio aitortu biktima izaerarik. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea eta euskararen aldeko ekintzailea zen Saldise, eta HBko kidea ere bai. Askotan jaso zituen mehatxuak, eta etxea hainbat aldiz arakatu zioten. Pasaiakoa (Gipuzkoa) zen sortzez, Donibanekoa.

Egiari Zor fundazioak dioenez, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan «estatuaren aparatuek gerra zikina baliatu» zuten euskal iheslarien, ezkerreko militanteen eta abertzaleen kontra egiteko. «Estatu terrorismoaren lehen belaunaldi hark ATE, GAE, Triple A eta BVE  siglapean egin zituen erasoak. Gerora iritsi zen GAL, PSOE gobernura ailegatzearekin batera». Bi taldek aldarrikatu zuten Saldiseren hilketa: BVE Batallon Vasco Españolek, Egin egunkarian, eta GAE Grupos Armados Españolesek, El Diario Vasco-n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.