UNIBERTSITATEA

Karlosena errektorearen dimisioa eskatu dute NUPeko ikasleek

Dozenaka pertsonak bat egin dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen asanbladak, Ikasle Abertzaleek, Eraldatuk eta hainbat sindikatuk antolatutako protestarekin.

Ikasleak, NUPeko errektoretzaren aurrean protestan. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko maiatzaren 5a
12:28
Entzun

Liburutegiko plazatik abiatuta, unibertsitateko errektoretzara joan dira manifestariak, "Karlosena, deitu foruzainei!" oihukatzen zuten bitartean. Han, iragan osteguneko istiluen gaineko irakurketa egin dute ikasleen asanbladako ordezkariek: "Protesta baketsua zen gurea. Errektoretzak esandakoaren kontrara, ez genuen langileen jarduna oztopatu, zuzendaritzako kideena soilik. Erreformak onartzeko bilera egin behar zuten errektoretzako, eta bilkura hori atzeratzen saiatu ginen, haiekin hitz egin ahal izateko", azaldu du asanbladako kide den Fernando Iturriak.

Ikasleen arabera, ordea, Karlosenak ez zuen haiekin negoziatzeko borondaterik erakutsi, eta Foruzaingoari deitu zion: "Protesta baketsua zela esan genion, harekin hitz egiten saiatu ginen, baina ez zuen ezer jakin nahi izan. Bazuen errektoretzara atzeko atetik sartzea ere, baina nahiago izan zuen konfrontazioa". Foruzainak aldez aurretik abisatuak zeudela ere gaineratu du Iturriak: "Orduak zeramatzaten campusean, errektoreak deituta".

Istilu horien ondorioz, bi ikasle atxilotu zituzten poliziek. Desordena publikoak eta erresistentzia leporatzen diete. Auziaren artxiboa eta kargu guztiak bertan behera uztea eskatu dute manifestariek.

Datozen egunetan, protestekin segituko dute ikasleek, "erreforma geldiaraztea lortu arte". Errektoretzak NUPen ezarri nahi dituen aldaketek "unibertsitate elitista bat" bilatzen dutela gaineratu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.