KULTURA

Karmele Rotaetxe: "Populismo eta demagogia handia egin da unibertsitatearen inguruan"

2006ko azaroaren 5ean BERRIAk egindako elkarrizketa da hau. Euskara eta unibertsitatea: horiek izan dira Karmele Rotaetxe Amusategiren ibilbidearen ezaugarriak. Egun, hizkuntzalaritza orokorreko katedradun emeritua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta 2004an ohorezko euskaltzain izendatu zuten.

gotzon hermosilla
2013ko maiatzaren 3a
13:19
Entzun

Liburuz mukuru dago Karmele Rotaetxe Amusategik Bilbon duen etxeko egongela. Mahai gaineko OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkartearen buletinak salatzen du musika dela Rotaetxeren zaletasun nagusietako bat.

Bilbon jaio zen liburu guztion jabea. Fidel Rotaetxe zuen aita, gerra garaian Eusko Jaurlaritzan, Telesforo Monzonekin batera, Bilboko ebakuazioa antolatzen ibilitakoa. Horregatik, familia osoak Bordelera (Frantzia) ihes egin behar izan zuen. 50eko hamarkadan, Bilbora itzuli zenetik, Rotaetxeren ibilbide osoa euskarari eta unibertsitateari lotuta ageri zaigu. Euskara eta unibertsitatea, unibertsitatea eta euskara, bi-biak etengabe agertzen dira solasaldi luzean.

Nolakoa zen Fidel Rotaetxe?

Gizon baikorra zen, nahiz eta urte txarrak egokitu. Arduratsua zen, eta jakin-min handikoa. Bizitza ikuspegi onetik ikusten zuen beti.

Gerra garaian Bordelera ihes egin behar izan zenuten.

Bai, han urte asko eman genituen, eta gero, neba eta biok itzuli ginen Bilbora, batxilergoa berriro egitera, eta gurasoak eta ahizpa nagusia Bordelen gelditu ziren. Askoz geroago itzuli ziren, heriotza zigorrak gaindituta zeudela ikusi zutenean.

Zu oso gaztea zinen alde egin zenutenean, eta ez dakit gerra konturik gogoratzen ote duzun.

Asko ez, baina gogoratzen dut gurasoek beti esaten zigutela Frantzian ez geundela gure herrian. Euskadiko ideia mantendu zuten beti. Baina, han egon ginen bitartean, gu saiatu ginen giro hartan integratzen.

Inoiz esan duzu zeure burua zorionekotzat jotzen duzula, Frantzian kalitateko ikaskuntza laikoa izan zenuelako.

Bai, dudarik gabe. Uste dut oso osasuntsua dela, alde batetik, eskolara joatea, eta, beste aldetik, katekesira joatea, baina biak nahasi barik. Gainera, hango eskola publikoa oso ona da, maisu-maistren prestakuntzaren aldetik, edukien aldetik eta abar. Zorte txarra izan zen, guda egon zelako eta horretan gurasoak galtzaile izan zirelako, baina, zorte txar horren barruan, pozgarria izan zen aukera hori izatea.

Deustuko Unibertsitatean ikasi zenuen, orduan sortu berriak ziren Filosofia eta Letrak, hain zuzen, eta lizentzia lortu zuen lehenengo emakumea izan zinen, ezta?

Bueno, lehenengo emakumea ez ezik, lizentzia lortu zuen lehenengo ikaslea izan nintzela uste dut. Badakizu Deustuko Unibertsitatean, ikasketak amaitutakoan, baliozkotze azterketa egin behar dela, hango ikasketak eta unibertsitate publikoenak baliokidetzeko, eta azterketa horretara neu bakarrik aurkeztu nintzen. Beraz, uste dut fakultate horretako lehenengo lizentziaduna izan nintzela.

Unibertsitatean ibilbide luzea egin duzu: Deustuko Unibertsitatean lehenik, Bilboko Unibertsitatean eta EHUn geroago. Euskara unibertsitatean sartzeko ere aitzindaria izan zinen. Hain denbora luzean hamaika aldaketaren lekuko izango zinen.

Bai, gauzak asko aldatu dira, batez ere euskararen garrantziaren ikuspegitik. EHUn, esaterako, nahiko aspalditik, sartzen diren irakasle berri guztiek elebidunak izan behar dute.

Zuri nondik datorkizu euskararako zaletasuna?

Lehenbizi, familiatik. Gurasoak ez ziren euskaldunak, baina maitasun hori haiengandik hartu nuen. Gero, Bilbon zorte handia izan nuen, eta Xabier Peñarekin hasi ginen batzuk euskara ikasten. Ez dut uste bigarren hizkuntza inoiz ere ondo ikastera heltzen denik bat, baina gurea oso irakasle ona zen, eta, batez ere, hainbeste maite zuenez euskara, gu ere kutsatu gintuen maitasun horrekin. Tesia aukeratzeko orduan ere, euskararekin lotutako gai bat aukeratu genuen: Ondarroako euskararen deskripzioa. Oso lan zaila izan zen, aurretik halakorik ez zegoelako, eta ostean ere ez da antzeko lan askorik egin.

Zure belaunaldiko askoren ezaugarria izan zen euskararako maitasun hori. Horretan aldaketarik sumatu duzu?

Garaiak oso desberdinak dira. Hasteko, gure garaian euskara ez zegoen baimenduta. Xabier Peñarekin egiten genuen eskola hura urtean hiru aldiz-edo tokiz aldatu behar izaten genuen, Polizia etortzen zelako gure izenak hartzera. Orain, aldiz, euskara ikastera joateagatik ordaindu egiten diete ikasleei. Orain euskara ofiziala da, eta ikasi nahi duenak aukera asko ditu horretarako. Baina, beste alde batetik, beharbada aldaketarik handiena da garai hartan, batzuk behintzat, ilusioz beterik joaten ginela. Hizkuntza bera aldatu da, estatusa aldatu da, ofiziala delako, eta estatusa aldatutakoan pizgarriek ere desberdinak izan behar dute: hizkuntz eskakizunak eta abar.

Eta zergatik aukeratu zenuen hizkuntzalaritza orokorraren arloa?

Pentsatzen nuelako askoz ikuspegi zabalagoa ematen duela, zailagoa bada ere. Baina ikertzeko orduan, esaterako, gure ikuspegia askoz aberatsagoa da. Esaterako, Europako zenbait egitasmotan parte hartzeko aukera izan dut, eta proiektu horiek oso aberasgarriak izan dira. Hizkuntzalaritza orokorreko arloa hemen zabaldu izanaz pozik eta harro sentitzen naiz.

Unibertsitatea gizartearen ispilu ei da. Nola ikusten duzu Euskal Herriko Unibertsitatea?

Nahiko iritzi ezkorra dut. Uste dut populismo eta demagogia handia egin dela horren inguruan. Ez nuke esango maila jaitsi denik, baina bai asko ez dela aurreratu.

Zer esan nahi duzu demagogia aipatzen duzunean?

Eskakizun mailaz ari naiz. Irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren mailaz. Ikerkuntza, esaterako, egin egiten da, baina ez dakit egiten diren ikerketa guztiak benetan baliagarriak ote diren. Uste dut ez dela galbaherik erabiltzen, eta etortzen zaizkigun ikasleak ez direla beti ilusioz eta gogoz etortzen. Eta aurrerantzean arazo hori areagotuko da. Begiratu lehenengo hezkuntzan maisu-maistrak zelan dabiltzan, edo institutuetan zelako giroa dagoen. Ikasleek ez dute esfortzu handirik egin nahi. Eta, beharbada, hori unibertsitatera ere helduko da.

Batzuek diotenez, Bolognako prozesuak ekarriko du unibertsitate ikasketak merkatuari begira jartzea, eta zenbait ikasgairen gainbehera bultzatuko du. Ados al zaude iritzi horrekin?

Uste dut hori ez dela bakarrik Bolognako prozesuaren kontua, oraingo gustu kontua baizik. Oraingo gustuak ez dira humanitateen aldekoak. Orain teknologia eta antzeko jakintza arloak daude indarrean; latina, grekoa eta antzinako hizkuntzak ikasteko ez dago pizgarri askorik. Beharbada, beste ikasketa batzuek izango dute arrakasta, baina humanitateekin lotutakoek ez. Bolognak ekarriko duena da ikasleek askoz esfortzu handiagoak egin beharko dituztela. Hori lortuko dugu? Ez dakit. Badakizu batzuetan gauza batzuk aldatzen direla, denak berdin jarrai dezan, eta honekin ere antzeko zerbait gerta daiteke. Ikasketa batzuk ez dira errentagarriak, baina ez dut uste ikasketa horiek kentzen ausartuko direnik. Ikusiko dugu gauzak noraino aldatzen diren. Beharbada, zarata handia egongo da, baina, azken finean, gauzak ez dira horrenbeste aldatuko.

Azken ikasturtea gorabeheratsu samarra izan da EHUn, irakasleen eskakizunak eta greba deialdiak tarteko. Nola ikusi duzu hori?

Ez daukat iritzi handirik. Ni orain irakasle emeritua naiz, eta, alde horretatik, horrelako kontuek ez didate hainbeste eragiten. Lotsagarria iruditzen zait duela gutxi izan dugun albistea, alegia, irakasleei osagarriak emateko edo ez emateko ikasleek iritzia emango dutela, eta iritzi horrek balioa izango duela. Ikasleak ez dira gauza jakiteko nolakoa den programa edo irakaskuntza. Ikasleak ikasleak dira. Hori Europan ez da gertatzen. Demagogia hutsa da. Ikasleek badute botoa errektorea aukeratzeko, eta ez dakit erabaki hori horren araberakoa den ala ez, baina lotsagarria iruditzen zait, eta irakasle batzuek, zorionez, protesta egin dute dagoeneko.

Hizkuntza politiketan ere aditua zara, eta Europako Batasuneko hizkuntza politikak aztertu eta alderatu dituzu. Alde horretatik, zer iritzi duzu Euskal Herrian indarrean dauden hizkuntza politiken inguruan?

Orokorrean, oso ona da. Ez pentsa hemen ditugun eskubideak toki guztietan dauzkatenik. Gure problema ez da hainbeste eskubideak edukitzea edo ez. Beti izango dugu oztopo bat, Espainiako Konstituzioak dioena, espainiera dela hizkuntza ofiziala Espainia osoan, eta euskara Euskadin bakarrik dela ofiziala. Horrek beharrak eta ahalmenak mugatzen ditu. Baina, horretaz aparte, Euskadin ditugun aukerak oso handiak dira.

Iritzi bera duzu Euskal Herriko gainerako herrialdeetan dauden hizkuntza politiken inguruan?

Ez, jakina, egoera oso desberdina da. Iparraldean, esaterako, euskara ez da ofiziala, eta, Frantziako Konstituzioa aldatzen ez duten bitartean, euskarak ez du sarrerarik edukiko. Nafarroan egoera bestelakoa da, zonifikazioaren ondorioz. Dena dela, gauza bat esan behar da: hizkuntza politika diogu, eta esamolde zuzena da, azken finean hizkuntzaren estatusa politikak erabakitzen duelako. Gobernuak erabakitzen du hori, baina gobernua herritarrek aukeratzen dute sistema demokratikoetan. Euskadin zortea izan dugu, orain arte EAJ egon delako gobernuan; Gernikako Estatutua eta Euskararen Legea ditugu, eta horiek aukera asko ematen diztuzte, baina Nafarroan, hauteskundeak daudenean, herritarrek UPNko hautagaiak aukeratzen dituzte, eta, hori aldatzen ez den bitartean, egoera ez da asko aldatuko.

Orduan, hizkuntza politikak gorabehera, non dago euskararen normalizazioaren gakoa?

Nire ustez, euskarak gehiago aurrera egiten ez badu, euskaragatik beragatik ez du egiten. Euskara ez da erraza, aitortu behar dugu hori. Hizkuntza baten erraztasuna beti da konparatiboa, eta euskara, frantsesarekin edo espainierarekin alderatzen badugu, oso zaila da. Hizkuntza eranslea da, ez dago deklinabiderik, atzizkiak erantsi egiten ditugu, eta horrek zaildu egiten du hizkuntza.

Datozen urteetako erronka zein izango da? Erabilera sustatzea, aditu batzuek dioten moduan?

Erabilerarena erronka handia da, dudarik gabe. Askotan esan eta idatzi dut euskaldun bakoitzak baduela boligrafo gorri bana, zer dagoen ondo eta zer txarto azpimarratzeko. Dena zuzen egiteko nahia dago, eta hori ez da ona. Euskara erabili egin behar da, eta noizean behin erdaratik maileguren bat hartzen bada, horrek berdin dio. Ez erabiltzea da txarrena. Eta euskara ez da entzuten. Bilbon, esaterako, ez da entzuten, eta horretan ez du aurrera egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.