Sorpresa izan da Andoaingo Udalean, eta EH Bilduk jarraituko du alkate gisa. PSEk eta EAJk eginiko itunaren ondoren, espero zen jeltzaleek sozialistei botoa ematea. EAJko hiru zinegotzik eman dute PSEren aldeko botoa, baina laugarrenak txuri bozkatu du. Bideoa: Ana Karrere alkate izendatu duten unea (Aiurri).
[Youtube]https://youtu.be/iMzw6L0htPc[/Youtube]
EH Bilduk irabazi zituen bozak Andoainen, sei zinegotzi lortuta. Ordea, PSE izan zen bigarren bost zinegotzirekin, eta EAJ hirugarren laurekin. PSEk, beraz, gehiengo osoa behar zuen Maider Lainez hautagaia alkate izan zedin; hamazazpi zinegotzitik bederatzi, alegia. Bozketan, Lainezek PSEko bosten eta EAJko hiruren botoak jaso ditu (zortzi guztira), eta, ondorioz, Ana Karrere EH Bilduko hautagaiak nahikoa izan du gehiengo soilaz nagusitzea.
"Sorpresa eta atsekabea" EAJn
Europa Press agentziak EAJko iturriak aipatuz zabaldu duenez, Andoainen gertatutakoak "sorpresa eta atsekabea" eragin du EAJko zuzendaritzan eta Gipuzko Buru Batzarrean. Gregorio Olasagasti independentea izan da EAJko zinegotzien artean txuri bozkatu duena, eta EAJko iturriek adierazi dute atzo iluntzean Olasagastik konpromisoa azaldu zuela EAJren irizpidea betetzeko.