Kartzela politika mahai gainean izango dute Lopezek eta Raxoik otsaileko bileran

Presoen hurbilketa ahalbideetuko duen espetxe politika "dinamikoa" behar dela dio Aresek. Barne sailburuak dio horrek azkarrago egingo lukeela ETAren erabakia "atzeraezina". Amnistiarik ez dela izango gaineratu du, hala ere, ezta irtenbide kolektiborik ere.

2012ko urtarrilaren 9a
14:51
Entzun

Patxi Lopez lehendakaria garbi mintzatu da gaur goizean Radio Euskadin egindako adierazpenetan espetxe politika aldatzeaz, eta Espainiako Gobernuak borondatea badu, presoak hurbitzeaz gain, gaixo dauden presoak askatu eta hirugarren gradua ere ezar daitekeela esan du.

Lopezen hitzetan, ordea, presoei dagokie hurrengo urratsa egitea, "ETArengandik aldenduz". Larunbateko manifestazioa manipulazioa izan zela esan du lehendakariak, eta presoei izaera politikoa ukatu die "norbait hil dutelako edo hiltzen lagunduko dutelako".

Lopezek gaineratu du otsailean Mariano Raxoi Espainiako presidentearekin egingo duen bileran espetxe politika izango dutela mahai gainean, baina amnistiarik ez dela izango esan du.

Ares, kontsentsu eske

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ere esan du euskal presoen hurbilketa legearen barruan dagoela, eta kontsentsua aldarrikatu du presoen hurbilketa ahalbidetuko duen espetxe politika "dinamikoa" aztertzeko, "baita modu pertsonalean indarkeriatik urruntzen diren presoen egoera aztertzeko ere, eurek zigorrak betez, bergizarteratu daitezen".

Lopezek atzo esan zuen nahikoa kontsentsu badagoela gai horren inguruan.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroarekin otsailean bilduko da Ares, eta eskolten murrizketa eta kentzeaz jardungo direla, beste gauza batzuen artean, aurreratu du, "egoera berria egiaztatuta". Aresen hitzetan espetxe politika aldatzeak bizkortu egingo luke ETAren armak uzteko erabakia "atzeraezina" egiten. Hala ere, amnistiarik ez dela izango gaineratu du Aresek, ezta irtenbide kolektiborik ere. "Abertzale erradikalak" presoak engainatzen ari dela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.