Iruñeko Udalaren gobernu taldeak gaur eguerdian erabaki du kartzela zaharra eraistea. Ordurako, kartzelan bertan ziren hondeamakinak eta garabiak. Udalak agindua eman eta ordu batzuetara hasi dira kartzela botatzeko lanetan, iluntzean.
Kartzelak 105 urte egin ditu aurten. Ekain hasieran aldatu zituzten presoak bertatik espetxe berrira. Udalak ez du denbora askorik behar izan eraikinarekin zer egin erabakitzeko. NaBaik eta beste zenbait taldek eskatu zuten eraikinari erabilera bat eman ziezaiokeela, eta ez eraisteko. Beste herrialde batzuetan halako eraikinekin egin diren lanak aztertzeko eskatu zuen.
Ez du proposamena aintzat hartu udal taldeak. Obra eta inbertsio handiak egin gabe eraikina beste ezertarako erabiltzea ezinezkoa dela erantzun du, eta eraistea erabaki.