Kartzela zigorra berretsi diote gizon bati, iloba adingabeari sexu erasoak egiteagatik

Nafarroako Justizia Auzitegiak atzera bota du gizonaren defentsak aurkeztutako helegitea. Neskari sexu erasoak egin zizkion 7 eta 9 urte bitartean zituela.

2024ko apirilaren 11
18:00
Entzun

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 11 urteko kartzela zigorra berretsi dio gizon bati, iloba bati sexu erasoak egiteagatik modu jarraituan, neskak 7 eta 9 urte bitartean zituenean. Gizonari —45 urtekoa— 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2023ko azaroan. Ezingo da neskarengana hurbildu hamahiru urtean, eta 25.000 euro eman beharko dizkio kalte moralengatik. Kartzelatik ateratakoan zaintzapean egongo da zortzi urtean.

Neskari ama hil zitzaion 3 urte zituenean. Hasieran, aitonaren ardurapean geratu zen, baina Nafarroako Familia eta Adingabeen Zuzendaritzaordetzak ondorioztatu zuen neskak arreta falta zuela, eta aitonari kendu egin zion neskaren ardura. Bi harrera familiatan egon zen 2016ko iraila eta 2019ko otsaila bitartean. Aitonaren etxera joaten zen asteburuetan. Akusatuak —osabak— eramaten zuen.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duen sententziaren arabera, osabak sexu erasoak egin zizkion neskari, bai aitonarekin bizi zenean, bai harrera familietan zegoenean. «Auzipetuak, aipatutako ekintzak egin eta gero, neskari ohartarazten zion ez zuela ezer esan behar, bestela agian aitonari bihotzekoak emango ziola eta hil egingo zela», baieztatu zuen sententziak. Neskak, 9 urte betetzear zela, osabaren sexu erasoen berri eman zion harrera familiari.

Nafarroako Probintzia Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra ezarri zion. Defentsak helegitea aurkeztu zuen, errugabetzeko eskatuz. Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu eskaera. Auzitegiak nabarmendu du neskaren kontakizuna «sinesgarria» dela eta kontatutakoa epaiketan berretsi zela, bai frogekin, bai psikologoek egindako azterketarekin. Auzitegiarentzat, ez da arrazoizkoa neska xehetasunez betetako kontaketa bat egitera behartzea, are gutxiago haren adina ikusita, «ez baitzen jabetzen ekintza horietaz». Horrez gain, azpimarratu du neskaren ibilbidea ikusita aintzat hartu behar dela ez zuela aukerarik izan konfiantzazko norbaiti gertatutakoa kontatzeko eta bere nahasmena argitzeko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.