Epaileak kartzelara bidali du Rosario Romanen bikotekide ohia, hura hiltzea leporatuta. Igande goizaldean egin zion ustez eraso gizonak emakumeari, Hernanin (Gipuzkoa). Haren alaba ere zaurituta dago. Gaur eguerditik auzitegian izan da gizona, 42 urtekoa, eta epaileak espetxeratu egin du.
Hernaniko Udalak osoko bilkura ezohikoa egin du arratsaldean. Agiri bat adostu dute ordezkaritza duten alderdi guztiek. Hartan, elkartasuna azaldu diote familiari, eta iragarri dute udalak eskura dituen baliabide guztiak jarriko dituela hildakoaren senideen esku. Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin beharra nabarmendu du Hernaniko Udalak.
19:00etan egin dute Romanen aldeko hileta elizkizuna, herriko elizan. Hura amaituta, kontzentrazioa hasi dute ehunka lagunek plazan. Hainbat eta hainbat herritarrekin batera, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak joan dira elkarretaratzera. Besteak beste, Gipuzkoako Diputazioko ordezkari Ander Rodriguez eta Garbiñe Errekondo, eta PSE-EEko kide Rafaela Romero. Kontzentrazioa amaitzean, manifestazioan joango dira Rosario Roman hil zuten lekuraino. Ekitaldi bat egingo dute han.
Rosario Roman igande goizaldean hil zuen haren bikotekideak, Hernanin, kale erdian, labankadaka. Harekin batera zen alabari ere eraso zion; Donostia Ospitalean dago, eta hobera ari da egiten. Gizona ezkutatu egin zen hilketaren ostean, eta igande bazkalondoan atxilotu zuen Ertzaintzak. Emakumeak behin baino gehiagotan salatu zuen gizona, eraso egiten ziolako.
Gaur kontzentrazioak egin dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Poliklinikan (hango langilea zen hildako andrea). Biharko ere protestak antolatu ditu Emakumeen Mundu Martxako Plataformak.
genero indarkeria
Kartzelan sartu dute Hernanin bikotekidea hil zuen gizona
Udalak ezohiko bilkura egin du arratsaldean, eta hilketa salatu du aho batez. Elkarretaratzea ari dira egiten orain, eta manifestazioan joango dira Rosario Roman hil zuten lekura. Haren alabak ospitalean segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu